EU ES EN

Artikuluak

Drogak eta farmakoak, errekan behera

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

 

Herritarrek aisialdian zein tratamendu medikoetan kontsumitzen dituzten substantzia aktiboak uretara iristen dira. Osasun publikoaren ikuspegitik, ur beltzek daramatzaten substantziak analizatzea metodo eraginkorra da kontsumo-ohitura batzuk ezagutzeko.

Ingurumenaren ikuspegitik, ordea, kezkagarria da substantzia horiek uretara iristea, kalteak eragiten baitituzte ekosistemetan. Farmakokutsadura deritzo botikek ingurunean sortzen duten kutsadurari, eta horri aurre egiteko ari dira lanean, adibidez, Basque Sustainable Pharmacy taldeko ikertzaileak.

Ur beltzen analisiak

Espainian, Drogen eta Adikzioen Behategia arduratzen da ur beltzetan ageri ohi diren zenbait substantzia analizatzeaz. Helburua da datu fidagarriak eskuratzea, gero horietan oinarritu ahal izateko substantzien kontsumoari lotutako erabakiak eta politikak. Analisia urtez urte egiten denez, kontsumoaren bilakaera aztertzeko aukera ere ematen du.

Detekzio-lana ez da beti berdin egiten. Substantzia batzuk zuzenean detektatzen badira ere, beste batzuetan substantziaren metabolitoa detektatzen da, hau da, substantzia metabolizatu ondoren gorputzak kanporatzen duena. Gero, kontzentrazio horiek kontsumo-mailarekin erlazionatzen dira. Eta horrela baieztatu dute, adibidez, kokaina dela gehien kontsumitzen den legez kanpoko substantzia, eta asteburuetan, bataz beste, aste barruan baino % 22 gehiago kontsumitzen dela. Kalamuaren kasuan, berriz, ez da alde hori antzematen; izan ere, oso motel kanporatzen da gorputzetik, eta, beraz, analisiaren emaitzan ez da aldaketarik nabaritzen.

Kokaina eta kalamua dira, hain zuzen, gehien kontsumitzen diren substantzia ilegalak. MDMA, adibidez, kokaina baino 40 aldiz gutxiago kontsumitzen da, eta, kasu horretan, nabarmenagoa da asteburuetako efektua: bataz beste, aste barruan baino % 40 gehiago kontsumitzen da asteburuetan.

Espainiaren barruan, aldeak daude erkidego batzuetatik besteetara, eta alderik nabarmenena anfetamina edo speedaren kontsumoan dago. Izan ere, EAEn beste lekuetan baino askoz ere gehiago kontsumitzen da: substantzia aktiboari begiratuta, kokainaren pare kontsumitzen da EAEn.

Droga legalak eta diferentzia sozioekonomikoak

Droga legalen artean, alkohola eta nikotina analizatzen dituzte. Biak asko kontsumitzen badira ere, alde nabarmenak daude: adibidez, alkoholaren kasuan agerikoa da asteburuko efektua; aldiz, nikotinaren kasuan ez dago hainbesteko alderik asteko egunaren arabera.

Azken analisien emaitzak aurreko urteetako kontsumoekin alderatuta, kontsumoaren joerak ikus daitezke, eta Europakoekin edo mundu mailakoekin ere alderatu daitezke. Esaterako, Australian ere egiten dituzte ur beltzen analisiak, eta han auzokako aldeak ere argitaratzen dituzte. Hala, argi ikus daiteke ur beltzek maila sozioekonomikoa islatzen dutela, baldintzatzaile sozialek eragin handia baitute kontsumoan: maila sozioekonomiko handiko jendea bizi den lekuetako uretan kafe-, alkohol- eta bitamina-kontzentrazio handiak daude; aldiz, maila sozioekonomiko txikiko herritarrak bizi diren eremuetako uretan antidepresiboak eta opioideak nabarmentzen dira, baita presio arterial handia tratatzeko eta mina kentzeko botikak ere.

Farmakokutsadura

Beste alde batetik begiratuta, farmakokutsaduraz arduratzen diren ikertzaileek ohartarazi dute leku guztietan aurkitu dituztela botiken arrastoak, mundu osoan, herrialde guztietan eta ingurumeneko matrize guztietan: uretan batez ere, baina baita lurrean, airean, animalietan eta gainerako bizidunetan ere.

Hala ere, adituek onartu dute hutsune handia dagoela, ez baita ondo ezagutzen farmakoek ekosistema naturaletan duten eragin toxikologikoa. Egin diren ikerketen arabera, batzuk neurotoxikoak dira, beste batzuk zitotoxikoak, edo disruptore endokrinoak; batzuek arazoak sor ditzakete ugalkortasunean, eta beste batzuek hazkuntzan eragiten dute. Baina asko falta da jakiteko, eta kontzientziazioa ere falta da, baita farmazialarien artean ere.

Hori guztia aintzat hartuta sortu da Basque Sustainable Pharmacy ekimena. Formakuntza, ikerketa, dibulgazioa eta soluzioetara bideratutako berrikuntza dira haren oinarriak, eta osasun bakarraren ikuspegiaren alde egiten du: ingurunearen, animalien eta pertsonen osasuna batera zaintzea.

Haren arabera, soluzioak askotarikoak dira. Batetik, urak hobeto garbitu behar dira, eta, horretan, aurrerapauso handia ekar dezake hiriko hondakin-urei buruzko Europako zuzentarau berriak. Beste bide bat arazoaren jatorrira jotzea da; hasteko, farmako gutxiago erabiltzea. Horrez gain, farmakoen diseinuan ere eragin daiteke; adibidez, biodegradagarriagoak izan daitezen eta prozesuan karbono-isuri eta hondakin gutxiago sor daitezen. Azken helburua da pertsonen osasuna zaintzearekin batera ingurune naturalen osasuna ere zaintzea.