Atari honetan, 2030 Agendaren barruan zehaztu diren Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) buruzko hiztegi eleaniztun eta espezializatua biltzen da. Proiektuak bat egiten du 2030 Agendarekin, eta Garapen Jasangarrirako Helburuen alorreko euskarazko jarduna aberastu eta sustatzea du helburu, batetik, herritarren kontzientziazioa eta pentsamendu kritikoa sustatzeko eta, bestetik, klima-larrialdiari aurre egingo dioten neurri eraginkorrak proposatzeko. Horren harira, azpimarratu behar da Garapen Jasangarrirako Helburuen eta Helmugen artean ez direla jasotzen kulturarekin eta hizkuntza gutxituekin zerikusia duten alderdiak. Hutsune horri erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak kulturari eta hizkuntzei ikusgaitasun handiagoa emateko ekimenak jarri ditu abian 2030 Agendan; horretarako, 18. helburua erantsi du, hizkuntza- eta kultura-aniztasunean oinarritutako berariazko helburu bat, eta testuinguru horretan kokatu behar da hiztegi honen lanketa ere.
Hiztegiaren abiapuntua Danobatgroup makina-erremintako eta fabrikazio aurreratuko industria-taldearen lan batean dago, eta Danobatgroupek Jasangarritasuna, Gizarte erantzukizuna eta Euskararekiko duen konpromisoari lotuta dago. Enpresa-talde horrek, jasangarritasun-estrategia martxan jartzean, ikusi zuen alor horretako terminoak lantzeko beharra zegoela, eta glosario bat osatu zuen, gaztelaniazko eta ingelesezko termino eta definizioak jasota. Gero, taldeak euskaraz lan egiteko hartutako konpromisoari erantzunez, terminologia hori guztia euskaraz lantzeko beharra ikusi zuen, eta Elhuyarrera jo zuen horretarako. Elhuyarrek, hiztegigintzan duen esperientzia luzea baliaturik eta ikusirik ez zegoela arlo horretako hiztegirik, bat egin zuen proiektuarekin berehala.
Informazioa datu-base egiturara ekartzea eta euskarazko atala osatzea izan da Elhuyarren lana: euskarazko terminoak bildu eta proposatzea, eta definizioak euskaratzea; horretaz gain, alorren arabera sailkatu ditu kontzeptuak, eta eduki guztia gizartearen esku jartzeko webgunea diseinatu du. Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak finantzatu eta gainbegiratu du lan hori.
Orain, beraz, webgune honetan dago informazio guztia kontsultagai. Garapen jasangarriaren alorreko 3.600 kontzeptu biltzen ditu guztira, eta kontzeptu bakoitzari buruzko informazio hau aurkituko dute erabiltzaileek: definizioa, terminoak eta alorra. Terminoak eta definizioak hiru hizkuntzatan eman dira: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez; eta webgunearen interfazea ere hiru hizkuntza horietan ezar daiteke. Gainera, informazio osagarria ere eskaintzen du webguneak; adibidez, interfazetik bertatik beste hiztegi batzuk kontsultatzeko aukera ematen du.
Azkenik, proiektuan parte hartu duten hiru erakundeek nabarmendu nahi dugu hiztegi honek baliabide bizi bat izan nahi duela eta, hortaz, erabiltzaileek iruzkinak eta proposamenak egin ditzaketela webgune honen bidez.
Proiektuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi 2030agendahiztegia@elhuyar.eus helbidera, eta lehenbailehen erantzungo dizugu.
Hiztegi honek Garapen Jasangarrirako Helburuen alorreko 3.600 kontzeptu biltzen ditu. Terminoei dagokienez, hauek dira hizkuntzaren araberako kopuruak:
Kontzeptuak 32 arlotan sailkatuta daude:
Giza jarduerak eta produktuak, ondorioak ingurumenean
Ingurune naturala, ingurune antropikoa
Gizarte-alderdiak, ingurumen-politikako neurriak
Hiztegia egiteko, gaur egungo hiztegien joera hartu dugu kontuan, eta Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitatean garatutako teknologiak erabili ditugu.
ZUZENDARITZA ETA KOORDINAZIOA
ERREDAKZIOA:
Danobatgroup
LAN INFORMATIKOA (Elhuyar):
DISEINU INFORMATIKOA
ITURRIAK: