EU ES EN

Artikuluak

Europako itsasoak, Ingurumen Egoera Ona lortzetik urrun

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

 

Europar Batasunaren finantzaketarekin egindako ikerketa berritzaile batek agerian utzi ditu itsasoak babesteko politiketan dauden gabezia estrukturalak, eta premiazko jarduera bat egiteko eskatu du, ekosistemetan kalte atzeraezinak saihesteko. 

Ikerketa hori Europako GES4SEAS proiektuaren barruan kokatzen da, eta AZTI zentro zientifiko eta teknologikoak koordinatzen du, zeina Itsas ingurunean eta elikaduran espezializatuta baitago. Zentroko adituek azaldu duenez, hamar urte baino gehiago igaro dira Itsas Estrategiari buruzko Esparru Zuzentaraua indarrean sartu zenetik, eta orduan ezarritako helburuen betetze-maila ebaluatzea izan da ikerketaren xedea.

Horretarako, zuzentarauak definitzen dituen 11 deskribatzaileak aztertu dituzte, hala nola biodibertsitatea, arrantza, zaborra, urpeko zarata, eutrofizazioa, kate trofikoak, itsas hondoa… Emaitzek erakusten dute giza presioek —gehiegizko arrantzak, kutsadurak, espezie inbaditzaileek eta klima-aldaketak, besteak beste— modu metatuan jarduten jarraitzen dutela eta haiei ematen zaien erantzuna ez dagoela ondo koordinatuta eta ez dela eraginkorra.

Aurrerapausoak eta hutsuneak

Zenbait eskualdetan— esaterako, Baltikoan eta Ipar Itsasoan—, emaitzak hobeak dira. Izan ere, leku horietan jarraipen eta gobernantza handiagoak dituzte, honako bi hitzarmenei esker: HELCOM (Baltikoko Itsasoa Babesteko Helsinki Hitzarmena) eta OSPAR (Ipar-ekialdeko Atlantikoa Babesteko Oslo-Parisko Hitzarmena). Aitzitik, beste eremu batzuetan, bereziki Mediterraneo ekialdean, hutsune handiak daude datuetan, eta horrek asko mugatzen du neurriak hartzeko gaitasuna.

AZTIk gogorarazi duenez, Zuzentaraua 2008an sartu zen indarrean, eta estatu kideei eskatzen die sei urtean behin beren itsas uren egoera ebaluatzea eta Ingurumen Egoera Ona lortzeko edo mantentzeko planak diseinatzea. Azterketak erakutsi duenez, eskualde batzuetan aurrerapenak egin diren arren, alde nabarmenak daude herrialdeen eta itsas arroen artean datuen kalitateari eta neurriak ezartzeko moduari dagokienez.

Ebidentzia zientifikoetan oinarrituta

Angel Borja Yerro AZTIko ikertzaile eta GES4SEAS proiektuaren koordinatzailearen esanean, «Azterketa honek baieztatu egiten du komunitate zientifikoak urteetan ohartarazi duena: Europar Batasunak itsas gobernantza indartu behar du, ebidentzia zientifikoan gehiago oinarritu, eta modu koordinatuan eta premiaz jardun, bere itsasoak babestu nahi baditu».

Horrenbestez, ikerketa-taldeak eskatu die Europar Batasuneko eta estatuetako erakundeei ingurumen-zaintza indartzeko, datuen kalitatea eta estaldura hobetzeko eta politika koherenteak ezartzeko, ebidentzia zientifikoan oinarrituta. Izan ere, itsas biodibertsitatearen kontserbazioa funtsezkoa da, ez bakarrik oreka ekologikoarentzat, baizik eta baita ozeanoek gizarteari eskaintzen dizkioten zerbitzuak bermatzeko ere: arrantza jasangarria, klima arautzea, itsas ekonomia eta kostaldeko ekosistemen osasuna.