EU ES EN

Artikuluak

Inoiz baino gatazka armatu gehiago

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

 

Uppsala Conflict Data Program (UCDP) Uppsala Unibertsitatearen ikerketa-zentro bat da, eta munduan erreferentziazkoa da indarkeria antolatuari buruzko datuetan eta azterketetan. Hain zuzen, hark sortu zuen gatazka armatuaz nazioartean erabiltzen den definizioa, eta 40 urte baino gehiago daramatza gaiari buruzko datuak biltzen eta ikerketak egiten.

Journal of Peace Research aldizkarian argitaratu ditu azken datuak, «Indarkeria antolatua 1989–2024 bitartean, eta biktima zibilak identifikatzeko erronkak» artikuluan. Hor esaten denaren arabera, 2023tik 2024ra 59tik 61era igo zen estatu berean oinarritutako gatazka armatuen kopurua. Gatazka horiek estatuen barruan gertatzen dira, etsaitutako aldeen artean; eta alde horietako bat, gutxienez, estatuaren burua izaten da. Bada, gatazka-mota horri dagokionez, UCDPk bere historia osoan erregistratu duen kopururik handiena zenbatu du bigarren urtez jarraian.

Gerretan ere, alderdietako bat, gutxienez, estatuaren buru da. UCDPren definizioaren arabera, ordea, gatazka bat gerratzat hartu ahal izateko ezinbestekoa da urtebeteko epean mila hildako edo gehiago izatea. Horrenbestez, 2023tik 2024ra 9tik 11ra igaro da gerra-kopurua; eta, hala, 2016az geroztiko kopururik handiena zenbatu du 2024an.

Ikerketa-zentroak beherakada txikiak erregistratu ditu hildakoetan, bai estatuan oinarritutako gatazketan, bai indarkeria antolatuan, oro har. Aitzitik, alde bakarreko indarkeriak gorakada handia izan du; batez ere Estatu Islamikoak Afrikan egindako erasoetan, baita Haitin ere, estatuz kanpoko eragileek egindako hilketa orokortuetan. Bestalde, estatuz kanpoko gatazkek behera egin dute, bai gatazka aktiboen kopuruan, bai hildakoen guztizkoan. Guztira, indarkeria antolatuari dagozkion ia 160.000 hildako erregistratu zituen UCDPk 2024an.

Afrika, kolpatuena

Afrika da indarkeria armatua gogorren pairatzen duen lurraldea: ia 30 gatazka aktibo ditu, duela 10 urte baino ia bi aldiz gehiago. Horien artean, Saheleko matxinada jihadistak eta Afrikako Adarreko estatuen ahultasuna nabarmentzen dira. Hala ere, 2024an hildako pertsonen kopurua 2023an baino % 17 txikiagoa izan da; batez ere, Burkina Fasoko eta Somaliako gatazkak apaltzearen ondorioz.

Halaber, estatuen arteko gatazkak bikoiztu egin dira tarte horretan: bi ziren 2023an, eta lau dira orain, 1987tik erregistratu den kopururik handiena. Horietako bat Afganistanen eta Pakistanen arteko gatazka da, eta beste bat Yemengo huthien eta Mendebaldeko potentzien artekoa, Itsaso Gorriko itsas ibilbideak nork kontrolatuko. Beste biak Errusiaren eta Ukrainaren artekoa eta Israel eta Palestinaren artekoa dira. Jasotako datuen arabera, lehenengoan izan da heriotza gehien: 75.700 (2023an, berriz, 75.200 izan ziren). UCDPk zehaztu duenez, horrek esan nahi du estatuak tarteko diren gatazketan guztira izandako heriotzen % 59 gerra horretan gertatu direla. Israelek bereziki Gazan eragin ditu hildakoak, baina baita Palestinako beste lurralde batzuetan eta beste bi herrialdetan ere, Iranen eta Libanon.

Bestalde, noranzko bakarreko indarkeriak ere gora egin du. Indarkeria-mota horretan, zibilak nahita erasotzen dituzte. 2024an, ia 14.000 zibil hil ziren horrelako erasoetan —2014tik izan den kopururik handiena—. Estatu Islamikoa izan zen heriotza horien eragile nagusia, eta, bereziki, Kongoko Errepublika Demokratikoan egin zituen hilketak. Haitin ere, talde kriminalek ehunka pertsona hil zituzten, eta 2005az geroztiko indarkeria-boladarik larriena izan da.

Estatuz kanpoko gatazkak —milizien, talde kriminalen edo komunitateen artekoak— pixka bat jaitsi dira hala kopuruan nola eragindako heriotzetan. Halere, indarkeriaren zatikatzeak eta eragile berrien agerpenak inoiz baino konplexuago bihurtzen dute gatazken mapa globala. Bangladeshen, esaterako, agitazio politikoa indarkeria antolatua bihurtu zen, eta protestaren eta gerra zibilaren arteko mugak gainditu zituen.

Borrokalariak, zibilak, ezezagunak

UCDPk hiru motatako hildakoak bereizten ditu: borrokalariak, zibilak eta ezezagunak. Aitortu duenez, zenbait kasutan oztopoak daude datuak eskuratzeko eta bereizteko. Hala eta guztiz ere, sailkapen horretatik gatazken nolakotasunari buruzko informazio esanguratsua ondoriozta daiteke. Esate batera, Amerika da hildako ezezagun gehien dituena: Mexikon, adibidez, indarkeria antolatuaren eraginez hildako pertsonen % 97 ziren era horretakoak. Europan, berriz, ia denak borrokalariak dira. Afrikan, ia erdiak zibilak. Eta Asian eta Ekialde Hurbilean ere, % 40tik gora zibilak.

UCDPren esanean, erronkarik handienak bi testuingurutan sortzen dira: batetik, krimen antolatuak zibilen eta borrokalarien arteko lerroak lausotzen dituenetan, eta, bestetik, gerrak hirietan direnean.