Yeytuo izeneko botika merkaturatzeko oniritzia eman du Sendagaien Europako Agentziak (EMA), prozedura azkarraren bitartez. Izan ere, urtean bi injekzio nahikoa dira GIBaren infekzioa saihesteko. Hain eraginkorra eta emateko erraza izanik, adituek uste dute aurrerapauso nabarmena ekarriko duela hiesaren kontrako estrategian. Hala, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) bultzada ere jaso du, eta baimena aztertzeko taldean, OMEko ikertzaileek ez ezik, herrialde hauetakoek ere parte hartu dute: Uganda, Zambia, Kenya, Nigeria, Zimbabwe, Hegoafrikako Errepublika, Thailandia eta Vietnam.
Eraginkorra eta segurua
Yeytuoren osagai aktiboa lenakapabirra da. Science aldizkariak aurrerapen zientifiko nabarmenenen zerrenda egiten du urte-amaieran, eta 2024ko zerrendan molekula hori jarri zuen lehen tokian. Hortaz, hilabete gutxi batzuk nahikoak izan dira botikak merkaturako bidea egiteko.
Lenakapabir osagaia GIBak kanpoko geruzan (kapsidean) dituen proteinetara lotzen da. Horren ondorioz, birusa ezin da ugaldu, eta, beraz, infekzioa saihesten da.
Horretan oinarritzen da PrPE prebentzioa: pertsona seronegatiboek antirretrobiralak hartuz gero, % 99 jaisten da seropositiboekiko sexu-harremanen bidez infektatzeko arriskua. Droga injekzio bidez kontsumitzen dutenen artean ere, kutsatutako xiringa erabiliz gero, % 74 edo gehiago jaisten da infektatzeko arriskua.
Antirretrobiral horiek piluletan hartu ohi dira, eta, eraginkorrak izan daitezen, egunero hartu behar dira. Hori da koska, hain zuzen: jende askok ez ditu behar bezala hartzen. Eta, hain justu ere, oztopo hori gainditzen lagundu dezake lenakapabirrak.
EMAk zehaztu duenez, injekzioak larruazalpean jarri behar dira, sei hilabeteko tartearekin; eta tratamenduarekin hasieran, lehen bi egunetan, pilula bana ere hartu behar da. Bi saio kliniko egin dira, horrela hartuz gero eraginkorra eta segurua dela frogatzeko.
Saio klinikoak
PURPOSE izena dute saio klinikoek. Lehenengoan, PURPOSE 1 izenekoan, 3.000 emakume zis inguruk parte hartu zuten. Tartean, baziren haurdunak eta edoskitzen ari zirenak; 16-24 urte zituzten, eta sexu-harremanak zituzten gizon zisekin. 2.000 inguruk Yeytuo probatu zuten, eta gainerakoek beste botika bat, Truvada (bi osagai aktiboen konbinazioa du: emtrizitabina eta tenofobir). Lehen taldeko inor ez zen kutsatu; bestean, aldiz, 16 kutsatu ziren.
PURPOSE 2 saioan, berriz, antzeko pertsona-kopuruak parte hartu zuen, baina gizonak, genero-disidenteak edo arrazializatuak ziren, denak ere 16 urtetik gorakoak eta gizon zisekin sexu-harremanak zituztenak. Haiek ere, bi taldetan banatuta, Yeytuo eta Truvada probatu zituzten. Lehenengo taldean bi lagun kutsatu ziren, eta bestean 9.
Horiek lehen emaitzak dira, saioak martxan baitaude oraindik. PURPOSE 1 Hegoafrikako Errepublikan eta Ugandan egiten ari dira, eta PURPOSE 2, ostera, AEBn. Atxikimenduari dagokionez, Yeytuo hartu zutenek besteek baino atxikimendu handiagoa izan zuten bi kasuetan. Albo-ondorioei dagokienez, berriz, ohikoenak mina edo noduluak izan ziren, injekzioa hartutako lekuan. Beraz, emaitza guztiak aintzat hartuta, EMAk Yeytuo merkaturatzeko baimena ematea erabaki du.
Helburura hurbiltzeko
Garapen Jasangarrirako Helburuen arabera, 2030erako % 90 gutxitu beharko lirateke infekzio berriak eta hiesak eragindako heriotzak, 2010eko datuekin alderatuta. Orain arteko joerarekin jarraituz gero, ordea, ez litzateke helburua lortuko.
Hala gogorarazi zuen The Lancet aldizkariak, eta ohartarazi zuen, gainera, irtenbidea ez dela farmakologikoa soilik. Hain zuzen, helburura gerturatzeko oztopo nagusiak sozialak dira: estigma, eskuragarritasun eskasa eta osasunaren baldintzatzaile sozialak.
Zalantzarik gabe, Yeytuo eta antzekoak oso lagungarriak izan daitezke helburura gerturatzeko; izan ere, besteak beste, askoz errazagoa da urtean bi injekzio jasotzea egunero pilulak hartzea baino. Hala ere, ez da ahaztu behar alderdi soziala gakoa dela.