EU ES EN

Artikuluak

Garapen Jasangarrirako Helburuak, sinergiak eta aurkakotasunak

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

 

Egungo joerari eutsiz gero, munduko herrialde bakar batek ere ez ditu beteko Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) 2030erako, PLOS ONE aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera. Mexikoko Unibertsitate Autonomoko ikertzaileek gidatu dute azterketa, eta helburuen arteko korrelazioak ere ikertu dituzte. Izan ere, ondorioztatu dute helburuak elkarrekin erlazionatuta daudela eta erlazio hori sinergikoa ala aurkakoa izan daitekeela. Alegia, helburuetako batzuek beste batzuk indartzen edo bultzatzen dituzte, baina kontrakoa ere gertatzen da: zenbait helbururen alde egitea beste batzuen kalterako da.

Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek Nazio Batuen Erakundeak zehaztutako adierazleak eta ongizate-indizeak aztertu dituzte adimen artifizialaren bidez, 20 urte baino gehiagoko epean eta 107 herrialdetan. Hain zuzen, adimen artifizialeko algoritmoek eraginkortasun handiz identifikatzen dituzte ereduak datu-multzo handietan. Azterketa horretan, sei herrialde-kluster edo talde azaldu ziren. Maparen gainean jarri zituztenean, ikertzaileek ikusi zuten talde bakoitzeko herrialdeek harreman geografikoak, kulturalak, komertzialak edo kolonialak dituztela elkarren artea; hau da, geopolitikak sortzen ditu taldeok.

Ikertzaileek baieztatu dute herrialde guztiek egin dutela aurrera helburuak betetzeko bidean, baina alde handiak daudela bakoitzaren egungo egoeran; batetik, ez zirelako leku beretik abiatu, eta, bestetik, abiadura desberdinetan aurreratzen dutelako. Bestalde, 2020-2023an atzerakada bat egon zela ikusi dute, pandemiaren ondorioz.

Nolanahi ere, azterketak iragarri duenez, pandemiaren sasoia alde batera utzita, herrialde guztiek lortuko lituzkete helburuak, baina ez 2030erako. Azkenak 2100. urtean iritsiko lirateke helburuak betetzera, eta, hain justu ere, ustez aurreratuenak dauden lurraldeak izango lirateke azken horiek: AEB eta Europa.

Helburuen arteko korrelazioak

Analisiak helburuen arteko korrelazio positiboak eta negatiboak ere azaleratu ditu: positiboetan, helburu bateko aurrerapenak besteari laguntzen dio; negatiboetan, berriz, alderantzizkoa gertatzen da, hau da, baten aurrerapenak bestearena oztopatzen du. Gainera, ontzat jotzen bada ere pobrezia amaitzeak mesede egiten diela beste helburu guztiei, analisiak erakutsi du korrelazioak ez direla berdinak kluster guztietan. 

Adibidez, ikusi dute ekonomikoki aberatsak diren herrialdeen klusterrean (AEB, Japonia, Israel, Frantzia, Espainia eta Hego Korea) aurrerapen garrantzitsuak lortu direla osasunean, hezkuntzan eta azpiegituretan. Alabaina, atzeratuta doaz kontsumo eta ekoizpen arduratsuan eta ekintza klimatikoan. Ikertzaileen ustez, horrek aditzera ematen du kluster horren sistema ekonomikoak ekintza klimatikoaren helburuak betetzea oztopatzen duela.

Beste muturrean, Saharaz hegoaldeko herrialdeek eta Haitik osatutako klusterrean, helburu guztietan daude atzeratuta; bereziki, pobreziaren amaieran, oinarrizko zerbitzuetan eta genero-berdintasunean. Ingurumenarekin zerikusia duten adierazleetan, ordea, emaitza onak dituzte, aztarna ekologiko txikia baitute. Baina horrek ez du esan nahi garapen iraunkorreko eredu bat dutenik, baizik eta ez daukatela produkzio-azpiegiturarik.

Emaitza horiek guztiak aintzat hartuta, GJHak lortzeko bestelako ikuspegi bat lantzea proposatu dute ikertzaileek, eskualdeak eta helburuen arteko erlazioak kontuan izango dituena. Haien iritziz, ez dago denentzako egokia den estrategia bakar bat; aitzitik, kluster desberdinetako herrialdeen arteko estrategia bateratua eraginkorra izan daiteke helburuak lortzeko.