EU ES EN

Artikuluak

Gazako gosetearen ondorioak, bizi osorako

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

 

British Medical Journal aldizkari espezializatuaren arabera, Gazako gosetea bizi osorako zigorra da, eta ondorioak hurrengo belaunaldiek ere pairatuko dituzte. Idatziaren egilea Alex de Waal da, World Peace Fundation erakundeko zuzendaria (Munduko Bakea Fundazioa, Tufts Unibertsitatekoa). De Waalek gogora ekarri du 1970eko hamarkadan nutrizionistek esplikatu zutela fase-aldaketa bat gertatzen dela elikagaien krisi akutu batetik erabateko gosetera igarotzean, ur hotza izozten denean gertatzen den bezala. Gazan hori gertatu dela baieztatu du, eta Israel egin du horren erantzule.

Halaber, oroitarazi du duela zazpi urte Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak 2417 ebazpena onartu zuela aho batez. Ebazpen horren arabera, ekintza azkarrak egin behar dira gatazka armatu batek elikagaien segurtasun-eza edo gosete orokortua eragiteko arriskua dagoenean. Horrez gain, nolabaiteko arma gisa zibilen gosetea erabiltzea gerra-krimena izan daitekeela ere zehaztu zuen ebazpenak.

De Waalek adierazi du azken gosete guztiak militarrek eragin dituztela neurri handi batean; izan ere, ekintza militarrek suntsitu egiten dute bai ekonomia, bai bizibideak, bai pertsonek bizirik irauteko behar dutena. Etiopia, Siria eta Yemen jarri ditu adibidetzat, baita Nigeria eta Sudan ere. 

Ikerketek erakutsi dute erabateko gosetea bizi osorako zigorra dela bizirik irauten dutenentzat. Esaterako, frogatu dute Bigarren Mundu Gerran 1944-1945ko neguan naziek Herbehereetan sortutako goseteak ondorio fisiko eta psikiko iraunkorrak utzi zituela bizirik iraun zutenengan. Kalte soziala ere aipatu du De Waalek: beren umeak hiltzen ikusten dituzten amak, goseak ez hiltzeko jana ezkutatzen duten bizilagunak… Torturarekin parekatu du gosetea: bizirauteko senak agintzen duenean, desagertu egiten dira gizaki egiten gaituzten bulkadak, hala nola errukia, elkartasuna eta maitasuna.

Bukatzeko, De Waalek genozidio deitu dio nahita eragindako goseteari, eta azaldu du nazioarteko zuzenbideak agintzen duela bizirauleek eskubidea dutela kalteak erreparatzeko arreta, laguntza, eta elkartasuna jasotzeko. Hortaz, haren esanean, gosetea amaitu ondoren ere, gure ardurari erantzuten jarraitu beharko dugu.

Geneetan ere

Nazio Batuen Erakundearen adierazpenak bat datoz Alex de Waalenek esandakoekin. Gosete larriaren ondorioez ohartaraztean, beste zientzialari batzuek, Holandako Goseteari buruzko ikerketez gain, BIOPATH azterketaren barruan egindakoak ere ekarri dituzte gogora.

BIOPATH hori Libanoko iheslari siriarrekin egin dute, eta haur errefuxiatuen artean egiten den eskala handiko lehen azterketa da. Haren helburua da ulertzea nola eragiten dion traumak osasun mentalaren garapenari. Ikerketetako batean, 6 eta 19 urteen arteko 1.507 errefuxiatu siriarren listu-laginak hartu zituzten, eta DNAren metilazioa aztertu zuten.

Hain zuzen, metilazioa prozesu epigenetiko bat da, hau da, ingurunearen eraginez gertatzen da. Haren bidez, geneak aktibatu edo desaktibatu egiten dira, DNAren kodea aldatu gabe. Hau da: kode genetikoa ez da aldatzen, baina bai haren adierazpena.

DNA aztertzeaz gain, gerrari lotutako bizipenei buruzko galdeketa batzuk ere egin zizkieten, bai haur eta gazteei, bai haien zaintzaileei, eta ikusi zuten gerraren bizipen gogorrak jasan zituzten haurrek aldaketa iraunkorrak zeuzkatela DNAn. Bestalde, baieztatu zuten aldaketa horiek funtzio esanguratsuetan parte hartzen duten geneekin erlazionatuta zeudela, hala nola neurotransmisioarekin eta zelula barruko garraioarekin. 

Hori guztia aintzat hartuta, Gazako hondamendiak epe luzera utziko dituen ondorioen inguruko kezka larria adierazi dute maila guztietako eragileek, hasi nazioarteko erakundeetatik eta ikertzaileetara.