Ingurune natural zatikatuetan, igarobide edo korridore ekologikoak ezartzen dira, bananduta geratzen diren basabizitzako populazioak elkartzeko edo harremanetan jartzeko. Zatiketa horiek, gehienetan, giza jardueraren ondorio izaten dira: garraio-azpiegiturak, hiri-proiektuak… Igarobideei esker, populazioen arteko banakoen trukea ahalbidetzen da, eta aurre egiten zaie isolamenduak dakartzan eragozpenei.
Ingurune naturaletatik hirietara etorrita, 2018an egitasmo bat sortu zen Europan, hirien barruan igarobide osasungarriak sortzeko. URBiNAT izena du proiektuak, eta 2024ra bitarteko epea bazuen ere, tarte horretan martxan jarritako ildoek aurrera jarraitzen dute eta beste hiri batzuetara hedatzen ari dira.
“Portora noa”
Europako zazpi hiriren artean sortu zen egitasmoa: Porto, Nantes, Sofia, Siena, Nova Gorica, Brusela eta Høje-Taastrup. Izan ere, hiri gehienetan bezala, haietan ere aldirietan eraiki ziren etxebizitza sozialen auzoak, eta auzo horiek hirigunetik eta hiriaren bizitzatik bereizita geratu ziren. Horren adierazle da, adibidez, Porto kanpoaldeko auzotarrek “Portora noa” esapidea erabiltzea hirigunera zihoazela esateko.
Horiek horrela, hauxe izan zen proiektuaren xedea: hirietako ordezkariekin batera hainbat arlotako adituak elkartzea (hirigintza, giza eskubideak, geografia, gizarte-zientziak eta giza zientziak), metodologia partizipatibo eta integratzaile bat sortzeko eta naturan oinarritutako irtenbideen esanahia zabaltzeko.
Ikuspegi soziala
Naturan oinarritutako irtenbideak era askotakoak dira eta mundu osoan baliatzen dira. Adibidez, Papua Ginea Berrian mangladiak landatzen dituzte, kosta higaduratik babesteko. Malmön, berriz, estalki berdeak jartzen dira eraikinetan, udan freskatzeko eta neguan beroaren galera saihesteko. Eta gure inguruko hiri eta herrietan ere padurak, erreka-bazterrak eta putzuak leheneratzen eta sortzen ari dira azken urteetan, uholde-arriskua murrizteko.
URBiNAT egitasmoa, ordea, harago doa, eta alderdi sozialari ematen dio lehentasuna. Hala, helburua izan da aldirietako auzotarren integrazioa lortzea eta haiek ere hiritar sentiaraztea; horretarako, zatikatutako hiri-eremuak elkar lotu dituzte, azpiegitura fisikoen eta ekimen soziokulturalen bidez.
Horrenbestez, parkeak, bidezidorrak eta bestelako azpiegitura berdeak sortzeaz eta konektatzeaz gain, auzotarren parte-hartzea sustatzen duten jarduerak bultzatu dituzte, komunitateen beharretatik eta proposamenetatik abiatuta.
Emaitza irtenbideen katalogo bat da, hiri bakoitzak bere ezaugarri eta beharretara egokitzeko modukoa. Irtenbideen artean daude, besteak beste, partaidetza-lantegiak, txanpon sozialak (zerbitzuak eta ondasunak trukatzeko moduak, diru ofiziala erabili gabe), lorezaintza edo baratzezaintza partekatua, jarduera kulturalak… Esaterako, hiri-baratzeak sortu dituzte Nantesen, auditorio ireki bat Sofian, eta azoka sozial eta solidario bat Oporton.
Gobernantza, funtsezkoa
Egitasmoaren gidarien arabera, gobernantza partekatua funtsezkoa izan da arrakasta izateko. Auzotarrak, arduradun politikoak, profesionalak, akademikoak eta enpresak hasieratik izan ziren partaide, baita esku-hartzeak egingo ziren eremuak aukeratzean ere. Horrek bertako sentiarazteko aukera eman zien auzotarrei.
Halaber, garrantzitsua izan zen sare sendo bat sortzea hirien artean, denek izateko esperientzien eta praktika onen berri, eta ideien eta jardueren trukea bermatzeko. Sare horri nazioarteko hiri eta institutu behatzaileen talde bat gehitu zaio: Khorramabad hiria (Iran), URBEM (Brasil), CEMPA (Brasil), Delft Unibertsitatea (Herbehereak), Cyprus Institutua (Txipre), Setsuan Unibertsitatea (Japonia), Nanhai hiria (Txina) eta Open Government-São Paulo (Brasil).
Gainera, bat egin dute Europako beste egitasmo batzuekin, hala nola TRANS-Lighthouses eta GreenInCities. Lehenaren helburua da naturan oinarritutako irtenbideen emaitza material eta immaterialak agerian jartzea. Bigarrenak, berriz, hirietako desberdintasunei aurre egin nahi die: poluzioa, azpiegitura desegokiak, populazio-taldeen arteko diferentziak…
Baieztatu dutenez, hirien biziberritzea ez da azpiegituretara mugatzen. Giltza pertsonetan dago, haien arteko harremanetan eta haiek bertoko sentitzean. Gidarien esanetan, horrekin lortzen da benetako eraldaketa.