EU ES EN

Artikuluak

Klima-aldaketarekiko betebeharrak ez dira paper errea

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

 

Herrialdeek klima-aldaketari aurre egiteko betebeharra dutela iritzi dio Nazioarteko Justizia Auzitegiak. Horren barruan, herrialdeek berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko neurri egoki, sendo, azkar eta jasangarriak hartu behar dituztela adierazi du. Era berean, esan du kaltetutako herrialdeek erreparazioa jasotzeko eskubidea dutela.

Nazioarteko Justizia Auzitegiaren iritzi aholku-emaileak ez dira lotesleak, baina gidaritzat hartzen dira. Auzitegiaren esanean, emandako iritzia erreferentzia izango da estatuetako eta nazioarteko auzitegientzat. Aipatu duenez, dagoeneko 3.000 auzi klimatiko inguru daude martxan hirurogei bat herrialdetan.

2025eko uztailaren 23an argitaratu zuen iritzia Nazioarteko Justizia Auzitegiak, Nazio Batuen Erakundeak 2023ko martxoan egindako iritzi-eskaera bati erantzunez. Zehazki, eskatu zion ebatz zezala zer betebehar dituzten estatuek klima-sistema eta ingurumena babesteko, eta zer ondorio juridiko dituzten betebehar horiek estatuentzat.

Erantzuna sortzeko prozesuan, erakundearen historiako parte-hartzerik handiena izan zen: 96 estatuk eta nazioarteko hamaika erakundek aurkeztu zituzten ahozko adierazpenak. Amaieran, Auzitegiak aho batez hartu zuen erabakia. 

Zientzian oinarrituta

Nazioarteko Justizia Auzitegiaren iritzia xehea eta zehatza da (140 orri hartzen ditu, ingelesez), eta hasieran zati nabarmen bat eskaintzen dio ebidentzia zientifikoari. Argi uzten du klima-aldaketak ondorio esanguratsuak eta oso kaltegarriak dakartzala, eta arrisku larrian jartzen dituela populazioak, lurraldeak, ekonomiak, tradizio kulturalak eta, kasu batzuetan, baita estatuen existentzia ere. 

Baieztatzen du klima-aldaketa atmosferan metatzen diren berotegi-gasen ondorio dela eta gas horien jatorria giza jarduera dela. Horren barruan, erregai fosilen errekuntza eta karbono-biltegien suntsiketa aipatzen ditu. Hain zuzen, basoek eta ozeanoek atmosferako karbonoa bereganatzeko ahalmena dute; hortaz, haiek suntsitzeak funtzio hori galtzea dakar.

Nazio Batuen Erakundeak bultzatuta klimarekin eta ingurumenarekin lotutako hitzarmenak, protokoloak eta itunak ekartzen ditu gogora, hala nola Montrealgo eta Kyotoko protokoloak, eta Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen (IPCC) txostenetatik hartutako ebidentzia eta datu ugari ematen ditu, erakusteko ezinbestekoa dela klima-larrialdiari aurre egitea, urgentzia eta irmotasun guztiz.

Betebehar berak, ardura desberdinak


 

Horiek horrela, Auzitegiak nabarmendu du estatuek betebehar jakin batzuk dituztela klima-sistemaren eta ingurumenaren babesa bermatzeko. Auzitegiak dioenez, betebehar horiek, aurrez aipatutako hitzarmen, protokolo, itun eta halakoetan ez ezik, beste arlo batzuetakoetan ere azaltzen dira; adibidez, giza eskubideei lotutako nazioarteko eta estatuetako zuzenbidean. Herrialdeek ziurtatu behar dute eskubide horiek ere errespetatzen direla eta benetan betetzen direla.

Auzitegiaren iritziaren arabera, legez kontrakoa da egoeraren batean betebeharren bat ez betetzea, eta erantzukizuna dakar berekin. Ondorio legalak hauek izan daitezke: ekintza kaltegarriak egiteari utzi behar izatea edo ezarritako neurriak bete behar izatea; berriro egingo edo gertatuko ez dela bermatu behar izatea; eta kaltetutako estatuei ordaina eman behar izatea. Erreparazioaz ari dela, berariaz aipatzen ditu herrialde bereziki zaurgarriak, baita norbanakoak ere. 

Halaber, Auzitegiak ondorioztatu du garapen jasangarrirako oinarriak denentzako berdinak izan arren ardurak berariazkoak direla, eta legeak interpretatzean eta ezartzean kontuan hartu behar direla, besteak beste, gaitasunak, ekitatea, belaunaldien arteko ekitatea eta zuhurtasun-printzipioa.

Arloko adituen ustez, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren iritziak atea irekitzen die etorkizuneko auziei; bestalde, komunitate ahulenen babes juridikoa sendotzen du, eta funtsezko aurrekari bat ezartzen du nazioarteko zuzenbidean.