Suitza, Alemania eta AEBko ikertzaileek elkarlanean azterketa bat egin dute jakiteko zenbateko eragina duten karbono-igorle handiek bero-boladetan. Izan ere, berretsi dute giza jarduerak sortutako klima-aldaketak ondorioak dituela muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasunean eta intentsitatean. Alabaina, ez da erraza eragin hori zenbaterainokoa den ebaluatzea. Hutsune hori betetzeko, eta bero-boladei erreparatuta, ikertzaileek berariazko metodologia bat sortu dute. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Ondorioak bi lerroburutan eman behar izanez gero, hauek izan daitezke: batetik, 2000tik 2023ra bitarteko bero-boladen laurdenak ia ezinezkoak izango lirateke klima-aldaketa antropogenikorik gabe; eta, bestetik, karbono-igorle handien eraginez, bero-boladen intentsitatea % 50 handiagoa da.
Maiztasuna eta intentsitatea
Ondorio horietara iristeko, 2000tik 2023ra bitarteko 213 bero-boladari buruzko nazioarteko datu-base bateko informazioa erabili dute. Hala, ikusi dute klima-aldaketarik gabe bero-bolada horien laurdena ia ezinezkoa izango zela. Zehazki, ikertzaileen kalkuluen arabera, bero-boladak 1850-1900 urteen artean baino 20 aldiz probableagoak izan ziren 2000 eta 2009 bitartean; eta 200 aldiz probableagoak 2010etik 2019ra.
Bestalde, intentsitateari erreparatuta, 2000-2009 artean 1,4 °C handitu zen tenperatura bero-boladetan; 2010-2019 artean, 1,7 °C; eta 2020-2023 artean, 2,2 °C.
Karbono-igorle handien ardura
Horrez gain, 180 karbono-igorle handienen datuak ere aztertu dituzte; hau da, erregai fosilen industriarik ahaltsuenenak eta zementu-ekoizle handienenak. Horrela, ondorioztatu dute bero-boladen intentsitatearen % 50 haien emisioei zor zaiela. Gainera, kalkulatu dute emisio horiek16-53 bero-bolada sortzen lagundu zutela. Nabarmendu dute industrializazioaren aurretik ezinezkoa izango litzatekeela giza jarduerak inongo eraginik izatea bero-bolada horietan.
Ikerketan azaltzen dutenez, igorle handi horien arteko 33 konpainia AEBkoak dira, eta isurtzen den karbonoaren % 10 sortzen dute. Beste 33 Txinan daude, eta isuritako karbonoaren % 12 sortzen dute.
Ikertzaileen arabera, landu duten metodologia beste arrisku batzuk aztertzeko egokitu daiteke, eta ateratako ondorioak lagungarriak izan daitezke klimari buruzko politiketan.
Euskal Herriko industria
Euskal Herriko Unibertsitateko EKOPOL taldeak ere industriaren kutsadura ebaluatzeko tresna bat sortu du: Amalur EIS. Haren bidez, Europako 31.388 industria-instalaziotako lurzorura, airera eta uretara egindako isuriei buruzko datuak analizatu dituzte. Eta hau ondorioztatu dute: Europako ingurumen-inpaktu osoari ekarpen handiena egiten dion alderdia klima-aldaketarena da (% 68,6), eta energia-sektorea da inpakturik handiena duen industria-jarduera (guztizkoaren % 59,5).
Euskal Herrian, Petronorren instalazioek (Muskiz, Bizkaia) eragiten dute inpaktu handiena: instalazio guztiek sortzen dutenaren % 25. Mineralen industriako sei instalazio nagusiei (batez ere, zementu-industriei) inpaktu osoaren % 16,9 dagokie, eta zazpi zentral termikoei guztizkoaren % 17. Bigarren instalazio kutsatzaileenak Total Energies-en ziklo konbinatuko bi instalazioak dira, zeinak Castejonen baitaude, Nafarroan. Hondakinen tratamenduaren sektorea da hurrengoa zerrendan: inpaktu osoaren % 12,5 eragiten du (Galindoko HUA instalazio kutsatzaileenen zerrendako 5. postuan dago; Zabalgarbi erraustegia, 12. postuan; eta Artigasko zabortegia, 23.ean).
Geografikoki, Bizkaia da inpaktu handiena sortzen duen lurraldea; izan ere, inpaktuaren guztizkoaren % 52 eragiten du, eta 25 instalazio kutsakorrenetatik 10 biltzen ditu. Nafarroak 7 instalazio ditu, eta inpaktuaren guztizkoaren % 23,7 eragiten du. Gipuzkoak, 5 instalazio eta guztizkoaren % 17,8. Arabak, 3 instalazio eta guztizkoaren % 6,3. Iparraldeak, azkenik, eragin osoaren % 0,5 baino ez du sortzen, eta hango lehen instalazio kutsatzailea zerrendako 55. postuan dago.