Ikerketa gutxi egin dira jakiteko zenbaterainoko kaltea eragiten duen meatzaritzak urruneko lekuetan. Itsas hondoko meatzaritza eta goi-mendietakoa dira horren adibide. Azkenaldian, hutsune hori betetzen duten zenbait lan argitaratu dira, eta emaitzek agerian utzi dute kalte ekologikoak uste zena baino are handiagoak izan daitezkeela.
Clarion Clipperton eremuko noduluak
Itsaspeko meatzaritzak epe luzera zer ondorio dituen jakiteko egin den ikerketarik zabalena argitaratu du Nature aldizkariak. Zehazki, Clarion Clipperton (CCZ) eremua ikertu dute. Mexiko eta Hawaii arteko eremu zabal bat da, eta meatzaritza-konpainiek interes handia dute han; izan ere, nodulu ugari ditu hondoan, 5.000 metroko sakoneran, eta nodulu horiek aberatsak dira industria teknologikoarentzat preziatuak diren mineraletan: manganesoa, kobrea, nikela eta kobaltoa.
Ingurumenaren ikuspegitik, ordea, itsaspeko meatzaritzak kezka handia sortzen du, argi baitago jarduera horrek kalte ekologiko larriak eragin ditzakeela. Hala ere, ikerketa gutxi egin dira kalte horiek zenbatekoak izan daitezkeen jakiteko; beraz, orain argitaratu den ikerketa oso baliagarria da hutsune hori betetzeko eta meatzaritza-konpainien eskaeren gainean erabakiak hartzeko.
Ikerlariek duela 44 urte CCZn egin zen proba industrial baten ondorioak aztertu dituzte. Hasteko, ikusi dute proba egin zutenean bezala geratu dela hondoa, hau da, hortxe dagoela oraindik proba haren arrastoa: bi marra sakon daude makina pasatu zen lekuan, eta, bi marra horien artean, 8 metroko zabalerako zerrenda bat, nodulurik gabea. Frogatu dutenez, leku horretan inguruko beste lekuetan baino animalia gutxiago daude, eta txikiagoa da, halaber, haien dibertsitatea.
Ikertzaileen esanean, ekosistemaren funtsezko elementu bat falta delako gertatzen da hori: fauna sesila, hau da, substratuaren gainean hasten dena. Noduluak hainbat koralen, anemonaren eta belakiren habitata dira; nodulurik gabe, ezin dira hazi.
Horrenbestez, biologoek ondorioztatu dute teknologia eta sistema garbienak erabilita ere noduluak erauzte hutsak kalte nabarmenak eragingo lituzkeela itsas hondoko ekosisteman.
Litioaren Triangeluko ura eta komunitateak
CCZn dauden mineralak bezain preziatua da litioa, eta hura lortzeko meatzaritzak eragiten dituen kalteak ere ez dira behar bezain ondo ezagutzen. Adibidez, orain argitaratu den ikerketa batek agerian utzi du Litioaren Triangeluan meatzaritzarako zenbat ur dagoen jakiteko egin izan diren kalkuluak okerrak zirela. Kalkulu berrien arabera, ezinezkoa da aurreikusitako jarduerarako adina ur lortzea ingurumenean eta hango komunitateetan kalte larriak eragin gabe.
Litioaren Triangelua Txile, Argentina eta Bolivian dago, Andeen azpian, eta hantxe dago munduan dagoen litioaren erdia baino gehiago. Litioa aintziretan bildua dago, ur gezaren geruza baten azpiko uretan disolbatuta, eta handik erauzten da.
Aintziretara zenbat ur geza iristen den jakitea oso zaila da, monitorizazio-estazio gutxi daudelako eta lurraldearen klimatologia eta hidrologia oso konplexuak direlako. Hutsune hori betetzeko, ikertzaileek eredu bat sortu dute, 28 arroa kontuan hartuz. Ikusi dutenez, emaitzak oso urruti daude lehenagoko kalkuluetatik. Zehazki, lehen uste zuten Litioaren Triangelura iristen zen ur gezaren emaria urtean 90-230 mm-koa zela, gutxi gorabehera. Ereduak, ordea, askoz ere gutxiago iristen dela erakutsi du: 2-33 mm urtean.
Horrez gain, meatzaritza-konpainiak litioa erauzteko prozesua aldatzen ari dira, eta gaur egungo prozesuek lehengoek baino ur gehiago behar dute. Gainera, aurreikusten dutenez, datozen urteetan 40 aldiz handituko da litioaren eskaria. Horregatik, ikertzaileen ustez funtsezkoa da zientzialariak, tokiko komunitateak, araugileak eta litio-meatzaritzako industriak elkarrekin jardutea, uraren erabilerak ez dezan muga jasangarria gainditu. Izan ere, aintzirak ekosistema oso zaurgarriak dira, eta haiek ustiatzeak arriskuan jartzen ditu ez bakarrik ekosistemak, baizik eta baita inguruko komunitate indigenen osasuna eta bizimodua ere.