EU ES EN

Artikuluak

Migranteen eta bertako biztanleen arteko soldata-arrakala

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

 

Nature aldizkariak irekian argitaratutako ikerketa zabal baten arabera, herrialde ekonomikoki garatuetako pertsona migranteen eta tokiko biztanleen arteko soldata-arrakala ondo ordaindutako lanpostuak lortzeko aukera-desberdintasunaren ondorio da. Ikertzaileen esanean, azterketaren emaitzak baliagarriak dira desberdintasun sozialak murrizteko politika eraginkorrak diseinatzeko.

Europako zenbait herrialdetako, Kanadako eta AEBko ikertzaileek egin dute ikerketa, eta gaiari buruz orain arte egin den zabalena eta sendoena da. Hain zuzen, 13,5 milioi langileren eta haien enplegatzaileen datu administratiboak aztertu dituzte, bederatzi herrialdetan: Kanada, Danimarka, Frantzia, Alemania, Herbehereak, Norvegia, Espainia, Suedia eta AEB. Berariaz landutako metodologia bat erabiliz, tokiko biztanleekin alderatuta migranteek eta haien seme-alabek jasaten duten soldata-arrakala analizatu dute. 

Metodologiak arrakalaren funtsezko bi arrazoien artean bereizteko aukera ematen du: batetik, lan beraren barruko diskriminazioa, alegia, lan beragatik gehiago ordaintzea batzuei besteei baino; bestetik, hobeto ordaindutako lanak eskuratzeko diskriminazioa. 

Hain zuzen, soldata-arrakala murrizteko politikak era askotakoak izaten dira. Batzuk bideratuago daude lan bera egiten duten langile guztiek soldata bera izatera; eta beste batzuk, berriz, lanpostu onak lortzen laguntzera (bidea erraztuz, adibidez, bizi diren herrialdeko hizkuntza ikasteko eta lan jakinak egiteko gaitasunak eskuratzeko). 

Izan ere, migranteek soldata txikiagoa jasotzearen arrazoia faktore honekin lotu ohi da: bizi diren herrialdean kapital sozialik ez izatea, hala nola hizkuntza ondo ez menderatzea, kultura eta instituzioak ez ezagutzea, lan-saretik kanpo egotea eta jatorrizko herrialdeko hezkuntza-kualifikazioak onartzeko edo baliozkotzeko arazoak izatea. Horrenbestez, migranteen seme-alabek ez lukete izango arazorik tokiko biztanleen pareko soldatak irabazteko.

Ikertzaileen esanean, ordea, orain arte ez dira sakon aztertu arrakalaren arrazoiak, ezta haiei aurre egiteko estrategien eraginkortasuna eta egokitasuna ere. Hala, espero dute ikerketaren emaitzak lagungarriak izango direla egoeraren arrazoiak ezagutzeko eta, beraz, politika eraginkorragoak diseinatzeko.

Gakoa: lanpostu onak eskuratzeko aukera

Ikerketak baieztatu du soldata-diferentziak txikitu egiten direla bigarren belaunaldietan, baina ez berdindu. Arrazoiei begiratuta, berriz, hau da ondorio nagusia: soldata-arrakalaren hiru laurden lanpostu onak lortzeko aukeran dagoen diferentziari zor zaizkio.

Migranteen jatorriaren arabera ere diferentziak ba ote dauden begiratu dute. Ikusi dutenez, diskriminaziorik handiena Saharaz hegoaldeko afrikarrek pairatzen dute, eta, haien ondotik, Ekialde Hurbilekoek eta Afrikaren iparraldekoek. Hurrengo belaunaldian ere irauten du diskriminazioak, neurri txikiagoan bada ere.

Herrialdetik herrialdera, alde handiak daude emaitzetan. Espainia da arrakala handiena duena: bataz beste, langile migranteek tokikoek baino % 29 gutxiago irabazten dute. Kanadan ere antzeko arrakala dute. Beste muturrean, AEBk eta Suediak dituzte arrakalarik txikienak (% 10 eta % 7, hurrenez hurren). Tartean geratzen dira Europako beste herrialdeak. Aipatzekoa da lanpostu eta enplegatzaile berekin ere diferentziarik handiena Espainian dagoela: % 7.

Diferentzia horiek agerian jartzeaz gain, ikertzaileek proposamenak egin dituzte politika publiko eraginkorrak egiteko, arrakala murrizteko eta integrazioa errazteko helburuarekin. Haien ustez, nahiz eta politika asko saiatzen diren lanbide beraren barruan dauden desabantailak orekatzen, ikertzaileek iradoki dute eraginkorragoa izan daitekeela ordainsari handiagoak dituzten lanetara iristeko aukera-berdintasuna lantzea.