Klorofluorokarbonoak debekatuta daude, eta, halere, era horretako bost substantzia kimikoren atmosferako kontzentrazioak inoiz baino handiagoak dira. Horixe ohartarazi zuten zientzialariek duela bi urte, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean; eta orain berriro ekarri dute gogora, The Conversation argitalpen digitalean. Egileek dei egin diete Montrealgo Protokoloaren sinatzaileei, han jasotakoak zorrotz bete ditzaten.
Klorofluorokarbonoak (CFC) substantzia artifizialak dira, gizakiak sortutakoak, eta garai batean hainbat aplikaziotan erabiltzen ziren; besteak beste, hozkailuetan, aire girotuan eta disolbatzaile gisa. 1980ko hamarkadatik aurrera, ordea, haien erabilera mugatzen hasi ziren, ozono-geruzari kalte egiten ziotela frogatu baitzuten. Geruza hori estratosferan dago, eta erradiazio ultramorea xurgatzen du. Horrek ahalbidetu du bizia lurrazalean, erradiazio hori kaltegarria baita guretzat eta lurrazaleko beste bizidunentzat.
Zientzialariek frogatu zutenean CFCak ozono-geruza suntsitzen ari zirela, herrialde guztiek itun bat sinatu zuten 1987an, eta adierazi zuten 2000. urterako bertan behera utziko zutela substantzia horien erabilera. Montrealgo Protokoloa zen, eta ingurumenaren eta bizitzaren aldeko nazioarteko konpromisoaren adibidetzat hartzen da: gaur egungo CFCen isuriak 1980ko hamarkadakoen (orduan iritsi ziren gorenera) % 5 dira, eta ozono-geruza, pixkanaka, berreskuratzen ari da.
Ozonoa suntsitzeaz gain
Ikerketak agerian utzi duenez, ordea, arrakasta ez da izan erabatekoa. Ikertzaileen arabera, bost CFC horiek ozono-geruzan duten eragina txikia da oraindik, baina egoera kezkagarria da, halere, bi arrazoirengatik.
Batetik, ozonoa suntsitzeaz gain, berotegi-efektua ere sortzen dute; hau da, atmosfera berotzen dute, eta, beraz, klima-aldaketan eragiten dute. 2020an, esate batera, gutxi gorabehera Suitzako karbono-isurien adinako inpaktua izan zuten klimaren beroketan.
Bestetik, isuri ondoren, CFCek hamarkadetan eta mendeetan irauten dute atmosferan. Hortaz, haien kontzentrazioak igotzen jarraitzen badu, atmosferan metatzen joango dira, eta berotegi-efektua are eta larriagoa izango da.
Jatorri ezezaguna
Etorkizuneko isuriak saihesteko lehen urratsa da jakitea nondik datozen egungoak. Ikertzaileek frogatu dutenez, bost CFCetatik hiru hidrofluorokarbonoen (HFC) ekoizpenean sor daitezke.
HFCek CFCak ordezkatu dituzte aplikazio askotarako, ozonoa errespetatzen duen aukera gisa. Baina, CFCak bezala, HFCak ere berotegi-efektuko gasak dira, eta haien ekoizpena murrizten ari da orain herrialde askotan, Montrealgo Protokoloaren 2016ko Kigaliko zuzenketari jarraituz. Hala ere, aurreikuspenen arabera, HFCen ekoizpena are gehiago handituko da hurrengo urteetan, eta horrek hiru CFC horien emisioak handitzea ekar lezake.
Beste bi CFCen kasuan, ez dute iturririk topatu, eta iluntasun hori bereziki kezkagarria zaie ikertzaileei. Horrenbestez, zera eskatu diete Montrealgo Protokoloa sinatu zuten herrialdeei: arretaz azter ditzatela ozono-geruzari kalte egiten dioten substantzien sortzaile izan daitezkeen prozesu industrial guztiak.