Hondakinak lehengaitzat hartzea da ekonomia zirkularraren funtsa. Hainbat adibide daude, hainbat hondakinetatik abiatuta, eta ugariak dira, halaber, haien erabilerak. Esaterako, pinu-hondakinekin itsasgarriak eta estaldurak nola egin ikertzen ari dira Tecnalian. Euskal Herriko Unibertsitatean, berriz, superkondentsadoreetarako elektrodoak sortzeko ari dira baliatzen hondakin hori bera. Horra hor bi adibide, hondakinak lehengaitzat hartzearen onuren erakusgarri.
Itsasgarriak eta estaldurak
Tecnalia ikerketa-zentroan zur bigunaren azalaren osagai naturalak aztertzen ari dira, itsasgarri eta estaldura seguru, jasangarri eta errendimendu handikoak garatzeko. Haien esanean, itsasgarriak eta estaldurak asko erabiltzen dira eguneroko kontsumorako produktuak egiteko, eta, nagusiki, gai petrokimikoak erabiliz fabrikatzen dira. Horrenbestez, ez datoz bat Europar Batasunak herritarren osasuna eta ongizatea babesteko duen helburuarekin, ezta ingurumena babestekoarekin ere.
Hala, pinu- eta izei-azaletik eratorritako itsasgarri eta estaldurak ekoiztea proposatzen du Tecnaliak. Hain zuzen ere, horretarako lehen urratsak egiten ari dira dagoeneko, alegia, baso-industriako azpiproduktu horietan oinarritutako itsasgarriak eta estaldurak garatzen, probatzen eta baliozkotzen. Hori guztia SuperBark ekimenaren barruan egiten ari dira, eta, Tecnaliarekin batera, Europako beste hamaika zentrok ere parte hartzen dute; hasiera batean, lau urteko iraupena izango du (2023-2027).
Helburua lortzen badute, alde batera utziko dituzte altzarigintzan, eraikuntzan, garraioan eta enbalajean erabiltzen diren produktuak egiteko baliatzen diren itsasgarriak eta estaldurak, eta baso-industriaren hondakinetatik eratorritakoekin ordezkatuko dituzte. Iragarri dutenez, urtean 18 milioi tona karbono isurtzea saihestuko luke horrek.
Energia biltegiratzeko superkondentsadoreak
Oso bestelakoa da Egoera Solidoaren eta Materialen Ikerketa Taldean (EHU) pinu-hondakinei eman dieten erabilera. Hain zuzen, energia elektronikoa biltegiratzeko materiala sortu dute intsinis pinuen zerrautsarekin.
Ikertzaileen arabera, Euskal Herriko aroztegietan oso ohikoa da zerrauts hori; ez da ezertarako erabiltzen, eta karbono-eduki handia du. Laborategian, ikatzak prestatu dituzte zerrautsarekin, eta gero elektrodoak sortu dituzte haiekin, prozesu jasangarri eta merke baten bitartez. Journal of Power aldizkarian argitaratu duten ikerketan baieztatu dutenez, biomasatik eratorritako materialek ezaugarri bikainak dituzte potentzia handiko energia biltegiratzeko sistema ekologiko eta merkeak lortzeko.
Energia biltegiratzeko, besteak beste, bateriak eta superkondentsadoreak erabiltzen dira. Superkondentsadoreek ez dute bateriek adinako gaitasuna energia gordetzeko, baina une jakin batean energia-kantitate handiagoa emateko gai dira. Pinu-zerrautsekin egindako ikerketan, litio-ioien gailu hibrido bat garatu dute. Aipatutako bi sistemen abantailak ditu: energia metatzeko gaitasun handia du (bateriek bezala), eta, bestalde, potentzia handietan funtziona dezake eta karga-deskarga ziklo asko jasateko gai da (superkondentsadoreek bezala). Horretarako, bateria-motako elektrodo bat eta superkondentsadore-motako elektrodo bat konbinatu dituzte gailu berean.
Zehaztu dutenez, elektrodoetako bat ikatz gogorrez egin dute, eta bestea ikatz aktibatuz. Horrez gain, garrantzi handia eman diote elektrodoak sortzeko prozesua merkea eta jasangarria izateari. Hala, sintesi-tenperaturek ez zituzten 700 °C-ak gainditu, eta aditibo merkeak erabili zituzten.
Lanak agerian utzi du inguruko biomasa erabilita oso emaitza onak lortu daitezkeela eta pinu-zerrautsa aukera errentagarria eta jasangarria dela litio-ioizko ohiko kondentsadoreak hobetzeko.