EU ES EN

Artikuluak

Plastikoen Ituna lotu ezinik

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

 

2022an, munduko herrialdeek plastikoak murrizteko konpromisoa hartuko zutela erabaki zuten biltzar batean, Nazio Batuen Ingurumen Programaren gidaritzapean (UNEP). Konpromiso hori zehazteko eta juridikoki loteslea izango den itun batean jasotzeko, bost biltzar egin dira geroztik, estatuen eta erakundeen ordezkariekin. Azkena (INC-5.2) 2025eko abuztuan egin zen, Genevan, eta, nahiz eta epea amaitu ondoren ere negoziatzen jarraitu zuten, ez zuten ituna adosterik lortu.

Helburua argia zen: plastikoen kutsadura murrizteko itun bat lortzea, itsasoak ere barne hartuta; juridikoki loteslea, eta ahalik eta zabalena. Herrialde petrolio-ekoizleek, baina, adostasuna lortzea eragotzi dute, ez baitzeuden prest funtsezko bi puntu onartzeko: plastikoaren ekoizpena mugatzea eta plastikoarekin erlazionatutako substantzia toxikoak debekatzea. Horren ordez, plastiko-hondakinak tratatzeko eta birziklatzeko neurriak hartzea proposatu zuten. Herrialde gehienen iritziz, ordea, horretara mugatuz gero, ituna itxurakeria hutsean geratuko litzateke.

Inger Andersen UNEPen zuzendari exekutiboak adierazi duenez, itunaren testua adosterik lortu ez badute ere, UNEPek plastikoen poluzioaren aurka lan egiten jarraituko du. «Gure lurpeko uretan dagoen poluzioa; lurrean, erreketan, ozeanoetan; eta bai, gure gorputzetan ere bai», zehaztu du, hitzez hitz.

Ezkutuko kalteak

Hain zuzen, hamaika ikerketak agerian utzi dute plastikoek giza osasunean eragiten duten kaltea, baita arazoari aurre egiteko neurri sendoen beharra ere. Ildo horretatik, The Lancet aldizkariak, Plastikoen Itunaren aurreikuspenekin bat eginda, plastikoek osasunean eta ingurunean duten eraginari buruzko monitorizazio-sistema bat proposatu zuen, justu Genevako biltzarra hasi aurretik (Lancet Countdown on Health and Plastics).

Hasteko, The Lancetek argi adierazten du plastikoek gaixotasunak eta heriotza eragiten dituztela, haurtzarotik zahartzarora arte. Gogora ekartzen du plastikoek sortzen dituzten osasun-arazoek milaka milioiko galera ekonomikoa ekartzen dutela, eta inpaktua bereziki nabarmena dela populazio-talde zaurgarrienetan. Horrez gain, plastikoek osasunean eragiten dituzten kalteei buruzko ikerketak biltzen ditu, mikroplastikoenak eta plastikoen ziklo osoan erabiltzen eta sortzen diren substantzia toxikoenak barne.

Esaterako, aintzat hartzen ditu ekoizpenean sortzen diren partikula esekiak (PM2,5), baita plastikoaren sektoreko langileek berenganatu ditzaketen beste substantzia toxiko batzuk ere. Horrekin batera, ekoizpenean erabiltzen diren eta plastikoetan dauden substantzia kimikoei buruzko gardentasun falta salatu du.

Azken urteotan, esaterako, mikroplastikoek sortzen dituzten kalteei buruzko kezka agertu da, gero eta ikerketa gehiagotan frogatu baitute organismoko ehun guztietara iristen direla: birikak, garuna, karena, barrabilak... Eta gauza bera gertatzen da ingurunean, lekurik urrunenetan ere aurkitu baitira, baita Antartikan ere.

Irtenbide eskasak eta hondakinak

Bestalde, proposatu diren zenbait neurri, ustez zentzuzkoak, ez dira eraginkorrak eta ez dute kaltea murrizten. Horren adibidea da birziklatzea: herrialde petrolio-ekoizleek horren alde egin badute ere, munduan ekoizten den plastikoaren oso zati txiki bat da birziklagarria; birziklatzea ez da errentagarria; eta azken produktua, gainera, errazago degradatzen da eta substantzia toxikoak askatzen ditu. Plastiko biodegradagarria ere ez da irtenbidea, frogatu baitute hark ere mikroplastikoak sortzen dituela eta material horiek ere osasunean eragiten dutela.

Bitartean, plastikoen ekoizpenak hazten jarraitzen du, eta neurri berean ari da handitzen hondakinen meta. The Lanceten txostenak zehazten duenez, hondakin plastikoen % 57 aire librean erretzen da, eta kutsadura-iturri garrantzitsua da herrialde pobretuetan. Horrez gain, ingurunean utzitako hondakin plastikoak habitat aproposa bihurtzen dira eltxoentzat eta mikroorganismoentzat, eta gaixotasunak eta antibiotikoekiko erresistentzia zabaltzen laguntzen dute. Itsas ekosistemetan eragiten dituzten kalteak ere aski frogatuta daude, eta kliman ere eragiten dute: plastikoen industriak Brasilek baino berotegi-efektuko gas gehiago isurtzen du atmosferara.

Etsi gabe

Nolanahi ere, The Lancetek azpimarratu du plastikoei lotutako kaltea ez dela saihestezina. Gogora ekarri ditu mundu mailako beste itun batzuk; adibidez, kutsadura atmosferikoarena, berunarena, merkurioarena, klima-aldaketarena eta klorofluorokarbonoena. Haietan bezala, ebidentzian oinarritutako lege eta politikak ezarri daitezkeela uste du, gidalerro eta irizpide argiekin (gardentasuna, erregulazioa eta monitorizazioa), eta betetzeko laguntza emanez, hala nola bidezko ezarpenaren eta finantziazio egokiaren bidez.

Genevan ez dute hori guztia biltzen duen testu bat adosterik lortu. Hala ere, UNEPek adierazi du aurrera egitera behartuta dagoela eta helburua erdiesteko lanean jarraituko dutela.