EU ES EN

Artikuluak

Sukalde garbiak Afrikan, etorkizun hobea izateko

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

 

Kozinatzean energia garbiak erabiltzea funtsezkoa da pertsonen ongizaterako eta lurraldearen garapenerako. Afrikan, baina, kontinente osoko bost familiatik lauk sute irekietan edo oinarrizko berogailuen gainean kozinatzen dute, erregai kutsatzaileak errez, hala nola egurra, ikatza eta simaurra. Praktika horrek sortzen duen kutsaduraren ondorioz, urtean 800.000 heriotza goiztiar baino gehiago gertatzen dira, eta hildako ia denak emakumeak eta haurrak izaten dira. Horrek eragin nabarmena du, pertsonen osasunean ez ezik, baita gizartearen genero-berdintasunean eta garapen ekonomikoan ere.

2024an, Afrikan sukalde garbiak izatea lortzeko biltzarra egin zen Parisen, IEA Energiaren Nazioarteko Erakundearen gidaritzapean. 60 herrialde inguruk parte hartu zuten, eta hitzartu zuten ezinbestean bermatu behar dela herritar guztiek sukalde garbiak izatea eskuragarri; horrekin batera, helburu hori lortzeko behar diren baliabide ekonomikoak ere agindu zituzten.

Finean, irtenbidea sukaldeak aldatzean datza; alegia, erregai eta sistema garbiekin ordezkatzea orain erabili ohi dituztenak. 2040. urtea jarri dute helmuga-data gisa.

Berriki, IEAk beste pauso bat eman du, eta Saharaz hegoaldeko herrialdeetako sukaldeen kartografia bat argitaratu du, non irtenbide bakoitzaren kostuaren eta irisgarritasunaren ebaluazioa jaso baitu. Helburua betetzeko behar diren gidalerroak, finantziazio-ereduak eta politikak ere bildu ditu txostenean, beste lurralde batzuetan (Asian, esaterako) egindako aurrerapenak adibidetzat hartuta eta testuingurura moldatuta.

Txostenak jasotzen dituen gidalerroen arabera, urtero 80 milioi pertsonak lortuko dute sukalde garbia eskuratzea. Sukalde berri horien % 60 petrolio-gas likidotuan oinarritutakoak izango dira, eta gainerako % 40 bestelako erregaien bidezkoak: elektrizitatea, bioetanola, biogasa eta biomasa-labe aurreratuak. Hirietan, 2035erako denek izango dituzte sukalde garbiak; landa-eremuan, espero dute 2030eko hamarkada osoan zehar eskuratzen joatea.

Horretarako, munduan energian egiten den urteko inbertsioaren % 1 baino gutxiago beharko da. Kalkulu horren barruan, sukaldeak ez ezik, energia bideratzeko azpiegiturak ere aintzat hartu dituzte.

Osasuna, hezkuntza, berdintasuna eta ingurumena

Helburua betetzeak ekarriko dituen onurak ere aletzen ditu IEAk. Hasteko, gaurtik eta 2040ra bitartean, 4,7 milioi heriotza goiztiar saihestuko dira Afrikan. Horrekin batera, emakumeek eta neskek bi ordu irabaziko dituzte egunean, ordainpeko lanerako eta hezkuntzarako baliatu ditzaketenak. Horrek genero-arrakala txikitzen lagunduko du. Gainera, 460.000 lanpostu berri sortuko dira sukalde garbiak ezartzeko kate osoan; batez ere, erregaiaren banaketan, salerosketetan eta ekipoen mantenuan.

 

Kliman eta ingurumenean ere nabarmenak izango dira onurak. Kozinatzean kutsadura gutxiago sortuko da, eta basoen degradazioa ere murriztuko da. Sukaldeak aldatuta, guztira 540 milioi tona berotegi-gas gutxiago isurtzea espero dute.

 

Afrikako Batasunak (AU) bere kide diren herrialdeei eskatu die lehentasuna emateko sukalde garbiak lortzeko helburuari.