EU ES EN

Artikuluak

Energia nuklearra, itzaltzen ez den eztabaidagaia

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

 

2022an, Europar Batasunak energia-iturri berdeen zerrendan sartu zuen zentral nuklearren bidez sortutakoa. Hala eta guztiz ere, Europako herrialde guztiek ez dute jarrera bera: adibidez, Frantziak, Suediak, Eslovakiak, Hungariak, Bulgariak eta Poloniak trantsizio energetikorako lagungarritzat jotzen dute; aitzitik, Italiak, Alemaniak, Espainiak, Belgikak eta Austriak bestelako iturri batzuk onetsi dituzte, hala nola eguzki-energia eta eolikoa.

Jarrerak jarrera, energia nuklearra indarra galtzen ari da Europan. Eraikita dauden zentralen % 30 beren bizi-zikloaren azkenera iritsiko dira urtebeteko epean. Italia izan zen zentralak ixten lehena: 1987an, erreferendum batean erabaki zuen energia-mota hori baztertzea, eta 1990etik ez du zentralik martxan. Alemaniak 2023an gelditu zituen herrialdeko azken erreaktoreak, eta Espainiak 2035erako iragarri du itxiera. Belgikak 2025ean itxi behar zituen, baina, Errusiak Ukrainia inbaditzean sortu den desegonkortasunaren ondorioz, beste hamar urtez luzatu du epea.

Zentral berriak 

Energia nuklearraren Europako ekoizlerik handiena Frantzia da. Herrialdean ekoizten den elektrizitatearen % 65-70 erreaktore nuklearretan sortzen da. Baina azkenaldian gorabehera dezente izaten ari dira, eta nahi gabeko geldialdiak egin behar izan dituzte, bai arazo teknikoengatik, bai beroarengatik. Izan ere, erreaktoreak inguruko urarekin hozten dituzte; ura gehiegi berotzen bada, erreaktorea ezin da hoztu, eta gelditu egin behar dute.

2025eko udan, gainera, beroari marmokak gehitu zitzaizkion: Gravelines zentraleko erreaktoreak hozteko, Ipar Itsasotik hartzen dute ura, eta, hainbeste marmoka zeuden, hodiak buxatu baitziren.

Nolanahi ere, Frantziak energia nuklearra babesten jarraitzen du, eta iaz sare elektrikora konektatu zuen Flamanville 3 zentrala. Orain, zentral hori da Frantziako handiena.

Polonia ere bere lehen zentrala eraikitzen ari da: 2023an, hogeita lau erreaktore modular txiki eraikitzeko baimena eman zuen hango gobernuak, ikatzarekiko mendekotasuna arintzeko asmoz. Hasiera batean, lehen zentrala 2033an abiatzea espero zuten, baina badirudi data hori 2036ra atzeratuko dela. Bitartean, energia berriztagarriei esker, pixkanaka ari da jaisten ikatzaren kontsumoa, baina oraindik ere ikatzetik dator sortzen duen elektrizitatearen erdia baino gehiago.

Hauek dira zentral berriak egiteko asmoa duten beste herrialde europarrak: Bulgaria, Txekiar Errepublika, Hungaria, Errumania eta Suedia.

Hondakinen hilerria

Energia nuklearrari buruzko eztabaidetan, gai nagusietako bat hondakin erradioaktiboak dira. Munduan, Frantziak sortzen du hondakin erradioaktibo gehien biztanleko, eta oraindik ez du behin betiko soluziorik aurkitu hondakin horientzat. Orain dituzten biltegiak hamarkada gutxi batzuetarako daude diseinatuta; hondakinek, ordea, arriskutsuak izaten jarraituko dute 100.000 urte baino gehiagoz.

Denbora horretan hondakinak segurtasunez gordetzeko irtenbiderik onartuena berariaz eraikitako instalazioetan lurperatzea da. Aurreratuena Finlandian dago; Onkalo izena du, eta Olkiluoto zentraletik gertu dago. Tokia geologikoki egonkorra eta granitozkoa da, eta horregatik aukeratu zuten. 430 metroko sakoneran dago. 

2004an hasi ziren eraikitze-lanak, eta orain ari dira egiten azken probak. Dena ondo bidean, hilabete batzuk barru hasiko da funtzionatzen, eta 2120. urtera arte sortuko diren hondakin nuklearrak hartzeko tokia izango du. Orduan, behin betiko itxiko dute.

Hala ere, hainbat galdera geratzen dira erantzun gabe. Haietako bat hau da: nola bermatuko dute hurrengo belaunaldiek ere jakingo dutela lurpean dagoen hori arriskutsua dela eta ez diotela kanporatzen utzi behar?