EU ES EN

Artikuluak

Erakunde zientifikoak deskolonizatzeko aldarria

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

Zeelanda Berriko, Australiako, Kanadako eta AEBko zientzialari indigena batzuek aldarrikatu dutenez, bada garaia erakunde zientifikoak deskolonizatzeko eta herri indigenen jakintzari balioa emateko. Nature aldizkarian argitaratu dute aldarrikapena. Artikuluan, mendebaldeko zientziaren hegemonia eta jokaera koloniala salatu dituzte, eta horri aurre egiteko eta egoera aldatzeko gakoak eman dituzte. Zortzi dira guztira.

Lehenik eta behin, erakunde zientifikoek beren izaera koloniala onartu behar dute, eta haietan aritzen diren zientzialariek (unibertsitateko ikasleek) historia ezagutu behar dute. James Cook-ek 1768an Hego Pazifikora egindako bidaia aipatu dute adibidetzat.

Baina gaur egun ere kolonialismoa ez dela desagertu oroitarazi dute. Esaterako, aurpegia ezagutzeko algoritmoak zurien ezaugarrietan oinarritzen dira; ondorioz, emaitza okerrak ematen dituzte pertsona beltzetan eta indigenetan. Oro har, zientzia-sistemaren kolonialismoak desberdintasunak eragiten ditu osasunean eta egoera sozialean: beste populazio-taldeekin alderatuta, indigenek bizi-itxaropen laburragoa dute, eta amen eta jaioberrien heriotza-tasak handiagoak dira.

Dirua eta ingurua

Bigarrenik, zientzialari indigenentzat dirulaguntzak eskatu dituzte. Izan ere, gainerakoek baino dirulaguntza txikiagoa jasotzen dute nazioartean, eta, horren ondorioz, ikerketa esanguratsuak egiteko aukera gutxiago dute. Dirulaguntzen sisteman dituzten oztopoak azaldu dituzte: zientzia-aldizkarietan artikuluak argitaratzeko zailtasunak, hizkuntza bera… Gainera, ikertzaile indigenek bestelako lanak ere egin ohi dituzte beren komunitateetan, hala nola mentoretza, dibulgazioa eta hezkuntza. Sistemak, ordea, ez ditu lan horiek aintzat hartzen.

Bestalde, garrantzitsutzat jo dute, akademian pertsona indigenei sarbidea errazteaz gain, bermatzea ingurune egokia izango dutela eta harremana izango dutela lekuko jende indigenarekin. Unibertsitate batean ikertzaile indigenak egoteak mesede egiten die ikasle indigenei, baina baita indigena ez direnei ere, beste era bateko jakintzak ezagutzeko aukera ematen baitie. Harremana sortzeak hierarkiak desegiteko ere balio du, akademian zein gizartean.

Egiturazko auziak

Halaber, unibertsitateek arrazakeria instituzionala desagerrarazi behar dute. Ebaluazio- eta sustapen-prozesuak aztertu behar dira, erakundearen barruko eta kanpoko indigenen aholkularitzarekin. Eta zientzialariek berek ere aztertu behar dute beren arrazakeria. Ez da nahikoa arrazista ez izatearekin. Egiturazko diskriminazioarekin bat ez egiteko, arrazakeriaren kontrakoa izan beharra dago.

Beste gako bat indigenen jakintza aitortzea da. Milaka urtez, beren inguruneari buruzko ezagutza jaso dute, komunitatearen filosofian, metodologian, irizpideetan eta mundu-ikuskeran oinarrituta. Orain, gero eta gehiago bilatzen da jakintza hori; bereziki, suteen kudeaketan, jasangarritasunean eta kontserbazioan. Baina jakintzaren atal batzuen azaleko integrazioa eta deskolonizazioa ez dira gauza bera.

Are gehiago: funtsezkoa da indigenen jakintza ez ateratzea bere testuingurutik. Aitzitik, jakintza horren jabe diren komunitateekiko konpromisoa hartu behar da; haietan parte hartu, haien baimenarekin. Ikertzaile eta ikasle zuriek indigenen lanak aitortu, irakurri eta aipatu behar dituzte. Eta unibertsitateek utzi egin behar diote indigenen jakintza egiazko jakintzaren osagarritzat hartzeari.

Erronka handiak daude zientzian, politiketan eta hezkuntzan. Zeelanda Berriko eta AEBko gobernuen aldaketek bidea moteldu duten arren, egitura akademikoek pausoak ematen jarraitu behar dute.

Halaber, espazio seguruak sortzeko beharra nabarmendu dute. Mentoretza-programak eta elkarlanean sortutako ereduak jarri dituzte adibidetzat. Horietako bat Minnesota Duluth-eko Unibertsitatekoa da, zeinak zenbait gradu sortu baititu hango tribuekin, komunitate horien beharrak kontuan hartuta eta gai politikoetan trebakuntza eskainiz, hala nola tribuaren burujabetza eta tribuaren eta estatuaren arteko harremanak.

Burujabetza eta itzultzea

Hain zuzen, hauek dira azken bi gakoak: burujabetza sustatzea, batetik, eta boterea eta baliabideak indigenei itzultzea, bestetik. Izan ere, unibertsitateek etengabe jartzen dute zalantzan komunitate indigenen burujabetza. Aitzakia izaten da indigenen jakintza ez dela zientzia hegemonikoa bezain objektiboa edo zehatza. Baina ikuspegi hori paternalista eta atzerakoia da. Proiektuak diseinatzean, garatzean eta ezagutaraztean, ezinbestekoa da indigenekin batera aritzea, eta haien burujabetza eta ongizatea aintzat hartzea.

Bukatzeko, Land Back mugimendua aipatu dute. Lurra itzultzea da boterea eta baliabideak itzultzeko modu bat. Eraldaketa horretan guztian, norbanakoek ere parte hartu dezaketela gogorarazi dute. Eta aurrera egiteko borondate ona ez dela nahikoa: egin egin behar da.