EU ES EN

Artikuluak

Osasunaren baldintzatzaile komertzialak

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

 

Gaurko gizartean, joera dago pentsatzeko (eta pentsarazteko) ia dena norbanakoaren esku dagoela; halere, ebidentziek erakusten dute alderdi asko norberaren erabakimenetik kanpo geratzen direla. Adibide argi bat obesitatea da: nahiz eta batzuek dioten argaltzea borondate-kontua dela, uste horretan oinarritutako estrategiek porrot egiten dute. Izan ere, obesitatean faktore biologikoek eragiten dute (genetika, metabolismoa, hormonak…), baina baita baldintzatzaile sozialek ere, hala nola maila sozioekonomikoak, bizilekuak, etniak eta enpleguak. Horiei, gainera, baldintzatzaile komertzialak gehitu behar zaizkie; alegia, industriak eragiten duen presioa.

Baldintzatzaile komertzialak ezkutuan egon dira urteetan. Azkenaldian, baina, osasun-arduradunen arreta bereganatu dute, beren eragina oso baita nabarmena. The Lancet aldizkariak 2023an ateratako artikulu baten arabera, lau industria zehatz —alkohola, tabakoa, elikagai ultraprozesatuak eta erregai fosilak— urtean munduan gertatzen diren heriotzen heren baten erantzuleak dira, gutxienez.

Auzia korapilatsua da, eta interes politikoak ere nahasten dira. Europar Batasunean, adibidez, behin eta berriro ari dira atzeratzen errekuntza-motordun ibilgailuen industriaren amaiera. Izan ere, indar handiagoa du ekonomiak, ezen ez herritarren osasunak eta klima-aldaketari aurre egiteko konpromisoak. 

Emakumeen gaineko presioa

Faktoreen nahaste horretan, generoak ere badu lekua. Baldintzatzaile komertzialen artean, Espainiako Osasun Ministerioak lau alderdi aipatzen ditu berariaz: alkohola, tabakoa, edoskitzearekin zerikusia duten kontuak eta, azkenik, suizidioarekin eta autolesioekin erlazionatutakoak. Denetan nabaritzen da generoaren araberako bereizketa, baina agerikoa da edoskitzearen kasuan, jakina.

Osasunaren Mundu Erakundeak ere behin baino gehiagotan nabarmendu du zer-nolako presio komertziala jasaten duten gurasoek — eta, bereziki, amek—haurrak formula-esnez elikatzeko. Besteak beste, salatu du haur jaioberriei bideratutako esnea ekoizten duten enpresek ama izan berri direnen arreta bereganatzen dutela sare sozialen bitartez.

Marketin digitaleko estrategia iruzurtiak baliatuta, amek edoskitze naturala baztertzea eta euren produktuak erostea bilatzen dute. Praktika horrek, ordea, 1981ean OMEren biltzarrean onartutako kodea urratzen du. Hain zuzen, kode hori nazioarteko hitzarmen bat da, amaren esnearen ordezkoak merkaturatzeari buruzkoa, eta horren helburua da formula-esnearen industriaren praktika erasokorrak galaraztea eta edoskitze naturala babestea.

Menopausiaren adinean dauden emakumeak ere badira industriaren jomuga. Duela gutxi British Medical Journal aldizkariak (BMJ) editorialean azaldu duenez, menopausiari lotuta egonik zuzenean kontsumitzaileari eskaintzen zaizkion zerbitzu gehienak alferrikakoak dira eta ez dute zaintza hobetzen. 

Bereziki kezkagarritzat jotzen dituzte menopausiaren sintomak ebaluatzeko boladan jarri diren test hormonalek eta haien emaitzetan oinarrituta eskaintzen diren produktuak, hala nola hormona-terapia pertsonalizatuak eta gehigarriak.

Azpimarratu dute ez testak ez terapiak ez daudela oinarrituta ebidentzia zientifikoan. Lehenei dagokienez, menopausiaren sintomak klinikoki aztertzen dira 45 urtetik gorako emakumeetan, eta alferrikakoak dira hormonen testak.

Terapiek, berriz, ez dute bermerik. Gainera, eskaintzen duten estrogeno- eta progestageno-kantitatearen arabera, umetokiko zelulak gehiegi ugaritzea ekar dezakete, baita minbizia ere. Beraz, horra hor beste adibide bat, irabazi ekonomikoak osasunaren gainetik jartzen direla erakusten duena.