Europar Batzordeak airearen kalitatea hobetzeko neurri berriak onartu ditu. Horren bidez, poluzio atmosferikoak eragiten dituen heriotza goiztiarrak prebenitzea espero du; izan ere, aire-kutsadurak 300.000 heriotza goiztiar eragiten ditu urtean Europar Batasunean.
Aitana Lertxundi Manterola osasun publikoko ikertzaileak baieztatu du airearen poluzioa kezka-iturri nagusietakoa dela osasun publikoarentzat, arnasten ditugun kutsatzaileek ondorio nabarmenak baitituzte osasunean, zuzenean zein zeharka. Baina, haren esanean, airearen kalitatea bermatzeko neurriak “atzetik doaz beti”.
Europan, airearen kalitatea zaintzeko aurreko zuzentaraua 2008an ezarri zen. Espainian, erkidegoen eskumena da airearen kalitatea zaintzea; hortaz, EAEn Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dago airearen kalitatea kontrolatzen duen estazio-sarea.
Hauek dira neurtzen diren kutsatzaile nagusiak: sufre dioxidoa (SO2), nitrogeno oxidoak (NO eta NO2), ozono troposferikoa, karbono monoxidoa (CO), bentzenoa eta partikula esekiak. Azken horiek arazo gehien eragiten duten kutsatzaileetakoak dira, eta tamaina askotakoak izaten dira. Airearen kalitatearen legedian bi zatiki-mota ageri dira, osasunean eta ingurumenean duten eraginaren arabera: PM10 (10 µm-tik beherako diametroa dutenak) eta PM2,5 (2,5 µm-tik beherakoa).
Jatorriari dagokionez, badira jatorri naturala duten kutsatzaileak, hala nola itsas aerosolak, mineralak, polena eta landareek igortzen dituzten beste substantzia organikoak batzuk. Alabaina, gehiengoak jatorri antropogenikoa du, hau da, giza jardueraren ondorioz sortutakoak dira: trafikoa, industria, eraikuntza-lanak, etxeetako berogailuak…
Mugak zorrozten
2019an, Europar Batasunak Itun Berdea aurkeztu zuen. Hitzarmen horren helburua da 2050erako klima-neutraltasuna lortzea eta kutsadura ezabatzea; besteak beste, berotegi-efektuko gasen kutsadura. Horrek ekarri zuen, hasteko, airearen kalitateari buruzko 2008ko zuzentaraua berrikustea, eta ikusi zuten hor ezarrita zeuden mugak ez zetozela bat Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutakoekin. Gainera, behin muga gaindituta balio arruntetara itzultzeko ekintza-planak ez ziren nahikoak, eta datuak biltzeko eta emateko modua ez zen berdina estatu guztietan.
Horrenbestez, berritu egin dute zuzentaraua. Hasteko, kutsatzaileen mugak zorroztu dira. Ez dira OMEk gomendatzen dituenak bezain zorrotzak, baina nahikotxo jaitsi dira lehen ezarritako balioetatik; erdira edo gehiagora, kutsatzailearen arabera. Azpimarratzekoa da, batetik, Itun Berdea 2030erako bete behar dela, eta, bestetik, itun horrek garrantzi handiagoa ematen diela ekintza-planei.
Horrez gain, mugak bost urtez behin berrikusiko dira, azken helburua baita 2050ean OMEk ezarritako balioetara iristea. Bestalde, airearen kutsaduraren ondorioz osasunean kalteak izan dituen orok kalte-ordainak eskatu ahal izango dituela ere jasotzen du zuzentarau berriak, eta estatuek hori bermatu beharko dutela.
Ikuspegi bateratuarekin
Adituen ustez, neurriak benetan eraginkorrak izateko, administrazioek elkarrekin egin beharko lukete lan. Hau da: airearen kalitatea zaintzeaz arduratzen den sailarekin batera aritu beharko lirateke garraioaz arduratzen dena, osasun publikokoa, industriakoa, lurralde-antolamendukoa…
Osasun publikoaren eta gizartearen ikuspegitik ere, Lertxundik uste du jauzi bat eman beharko litzatekeela. Haren hitzetan, lortu da gizarteak eta osasungintzak ulertzea ariketa fisikoaren garrantzia. Ingurumenaren kalitatearekin ere antzekoa lortu beharko litzateke. Hiri barruko trafikoa murrizteko neurriak jarri ditu adibidetzat: “Auto elektrikoek errekuntza-motordunek baino gutxiago kutsatzen dutenez, ondo dago haiek bultzatzea, baina are hobeto dago hiri barruan bizikletaz ibiltzea sustatzea eta garraio publikoko sare on bat izatea. Jendeak hori ulertzea eta herritarrek erakundeei hori exijitzea izango litzateke bidea, eta, horretarako, lan pedagogiko handia egin behar da. Adibidez, emisio txikiko eremuak izendatzean, lortu beharko litzateke jendeak horren onurak ikustea”.
Amaitzeko, agerikoa da airearen kutsaduraren eta beroketa globalaren arteko erlazioa. Arrazoi bat gehiago airearen kutsadurari ikuspegi bateratuarekin heltzeko.