EU ES EN

Artikuluak

Bakardadetik giza konexiora

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

2025eko ekainean, gizarte-loturei buruzko txostena argitaratu zuen Osasunaren Mundu Erakundearen Gizarte Loturaren Batzordeak. Txosten horretan, osasun sozialaren garrantzia azpimarratzeaz gain, bakardadearen kalteez ohartarazten da, eta gizarte-loturak indartzeko gidalerroak eskaintzen dira.

OMEren arabera, osasunak hiru alderdi ditu, fisikoa, psikikoa eta soziala, eta hirurek dute pareko garrantzia. Alabaina, duela urte batzuk arte ez zaio behar besteko arreta jarri nahi gabeko bakardadeari, eta ez da nahikoa ikertu horrek osasunean eta ongizatean duen eragina. Azkenaldian egindako ikerketek, baina, bakardadearen edo, OMEk deitzen dion bezala, deskonexio sozialarenneurria jarri dute agerian: 2014-2023 artean, munduko sei pertsonatik bat bakarrik sentitu zen; bestalde, 2024-2017 artean 871.000 pertsona hil ziren bakardadearen ondorioz. Izan ere, deskonexio sozialak heriotza-kausa guztietan eragiten du: kardiopatiak, iktusa, depresioa, antsietatea…

Bi noranzkoetan

Osasun fisikoaren eta sozialaren arteko erlazioak, gainera, bi noranzko ditu. Izan ere, gaixo egoteak etxetik ezin ateratzea, lagunekin elkartzeko gogoa galtzea, substantziak patologikoki kontsumitzea… ekar dezake. Eta alderantziz: bakarrik sentitzeak bizi-ohitura ez-osasungarriak izatera eraman dezake pertsona bat. Horretan guztian, gainera, baldintzatzaile sozialak gurutzatzen dira. Hau da: sistema ekonomikotik, politikotik eta kulturaletik eratorritako kondizioak norbanakoen osasun-egoera azaltzeko gako dira, baita talde sozialen arteko osasun-diferentziak ulertzeko ere.

OMEk txostenean gogorarazi duenez, gizakia animalia soziala da berez. Elkarren arteko lankidetzari esker biziraun dugu historian zehar, eta horri eskerrak egin dugu aurrera. Gure garuna beste pertsona batzuekin konektatzeko programatuta dago, eta, jaiotzen garen unetik hiltzen garen arte, interakzio sozialak garunaren hazkundea eta osasun mentala baldintzatzen ditu.

COVID-19aren pandemiak, adibidez, argi utzi zuen harreman sendoen beharra. Konfinamenduak eta bestelako murrizketek pertsonen arteko distantzia eta banaketa ezarri zutenean, jende asko eta asko bakarrik eta isolatuta sentitu zen. Oraindik ere, sasoi hark hainbat arlotan izan zituen ondorioak aztertzen ari dira ikertzaileak.

Bestalde, teknologia modu azkar eta sakonean eraldatzen ari da besteekin erlazionatzeko dugun modua. Aldaketa horiek lotura sozialetan eta osasun mentalean dituzten eraginak kezka-iturri bihurtu dira, baina mesedegarriak ere izan daitezke. Izan ere, gizarte-loturak modu askotara eta maila askotan gauzatzen dira: familia, lagunak, ikaskideak, lankideak, auzokoak… baita sare digitalen bidezko kideak ere. 

Gazteak eta pobretuak

Munduari begiratuta, populazio-talde guztietako banakoak daude bakarrik sentitzeko arriskuan. Halere, OMEren esanean, bi talde nabarmentzen dira. Batetik, 13-29 arteko gazteak, eta, batez ere, nerabeak. Antza denez, aldaketa-sasoi horretan harreman gehiago eta estuagoak nahi izaten dituzte, eta denek ez dute lortzen. Bestetik, herrialde pobretuetako biztanleek ere ekonomikoki aberatsetakoek ehuneko handiagoan diote bakarrik sentitzen direla (% 24 eta % 11, hurrenez hurren). Dirudienez, pobreziak besteekin elkartzeko denbora eta espazioak mugatu ditzake.

Halaber, badira bakardadea pairatzeko arrisku handiagoa duten beste talde batzuk: desgaitasunen bat duten pertsonak, errefuxiatuak eta migratzaileak, LGBTIQ+ kolektibokoak, indigenak eta zenbait etniatako pertsonak. 

Bost puntu estrategiko

Txostenak, arazoari aurre egiteko martxan diren politika eta egitasmo eredugarri batzuk biltzeaz gain, etorkizunerako ildoak proposatzen ditu, bost arlotan: politikak, ikerketa, esku-hartzeak, neurketa eta datuak, eta parte-hartzea. Eta azpimarratzen du estrategia horiek eragina izan dezaten ezinbestekoa dela bakarrik sentitzen direnei entzutea eta eragile guztiak elkarrekin aritzea.

Hauek dira proposatutako ekintzetako batzuk: gobernuek aintzat hartzea gizarte-lotura; ikerketak egitea arazoa hobeto ezagutzeko eta soluzio hobeak aurkitzeko; esku-hartze eraginkorrak bultzatzea; datuak lortzeko sistema bateratua ezartzea mundu osoan; eta oinarrizko eragile guztien parte-hartzea bermatzea, lotura soziala lehentasunezko gai bihurtu dadin.