Mundu mailako datuek argi erakusten dute botere ekonomiko handiena duten herrialdeak direla karbono-arrasto handiena dutenak. Eta, herrialde bakoitzaren barruan, banako aberatsenak dira gehien kutsatzen dutenak. Hala, Nature aldizkariaren artikulu baten arabera, munduko pertsonarik dirudunen % 1ek gizateria pobreenaren bi herenak adina karbono dioxido isuri zuen.
“Zergatik ezin ditu munduak dirudunak jasan” da aipatutako artikuluaren izenburua, eta segidan ematen du erantzuna: dirudunak garestiegiak dira Lurrarentzat. Garbi adierazten du ondorioa ere: ekitatea ezinbestekoa da jasangarritasunerako.
Hain zuzen, artikuluaren egileek baieztatu dutenez, zenbat eta berdintasun handiagoa izan gizartean, orduan eta emaitza hobeak lortzen dituzte herrialdeek ingurumeneko bost adierazle hauetan: airearen poluzioa, hondakinen birziklapena, karbono-emisioak, garapena (Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuen arabera) eta nazioarteko lankidetza.
Gizon zuri aberatsa
Botere ekonomikoa gizonen (eta, zehazki, gizon zurien) esku dagoela aintzat hartuta, beste ikertzaile batzuek genero-rolek kliman duten eraginari erreparatu diote. Adibidez, Espainian BC3ko eta Gaztela-Mantxa Unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketa batean, agerian jarri dute generoak kontsumo-ohiturak baldintzatzen dituela eta, beraz, karbono-aztarnan eragiten duela.
Ikerketan azaldu dutenez, generoak eta faktore sozioekonomiko eta kulturalek elkarri eragiten diote, eta elkarreragin horrek desberdintasun nabarmenak eragiten ditu bizimoduetan.
Oro har, emakumeek oraindik ere desabantailak dituzte lan-merkatuan, hezkuntzan eta bizitza pribatuan. Hortaz, diru-sarrera txikiagoak dituzte, zaintza-lanen eta etxeko lanen karga handiagoa, eta garapen pertsonalerako aukera gutxiago. Horrek guztiak kontsumoan eragiten du.
Hala ere, ez da soilik ahalmen-kontua: rol-estereotipoek ere eragiten dute. Hala, emakumeak ingurumen-gaiekiko sentiberagoak direla aipatzen dute artikuluan, eta enpatia handiagoa dutela. Horrek ekartzen du, esaterako, garraio publikoa gizonek baino gehiago erabiltzea 一autoa erabiltzen dutenean ere, gizonenak baino jasangarriagoak direla erakutsi dute beste ikerketa batzuek一. Jan-edanean ere ikusi dituzte aldeak: gizonek haragi eta alkohol gehiago kontsumitzeko joera dute, eta emakumeek, berriz, fruta eta barazki gehiago.
Hori guztia kontuan hartuta, ondorioztatu dute generoa aintzat hartu beharreko faktorea dela klima-politiketan. Esaterako, espazio publikoa, garraioa eta urbanismoa ardatz duten arintze-eta egokitze-neurriak diseinatzean, komeni da generoaren araberako erabilerak eta beharrak kontuan hartzea. Halaber, gogorarazi dute generoa errentarekin erlazionatzen dela, baita errenta migrazio-egoerarekin ere, eta ekitatea osotasunean landu behar dela.
Bestalde, aipatzekoa da zenbait ikerketek maskulinitatea eta klima-aldaketaren negazionismoa lotzen dituztela. Nonbait, gizon batzuek femeninotzat hartzen dute klima-aldaketaz kezkatzea, eta, beraz, klima-aldaketa ukatzea gizon agertzeko modua da haientzat.
Segurtasunaren ardatza
Nazio Batuen Erakundeak “Generoa, klima eta segurtasuna” izeneko txostena argitaratu zuen 2020an. Haren arabera, klima-aldaketaren ondorioak gizon eta emakume guztiek jasango badituzte ere, ez diete denei berdin eragingo. Izan ere, genero-arauek eta botere-dinamikek baldintzatzen dute nola bizi duten jatorri desberdinetako emakumeek eta gizonek segurtasun-eza klima aldakorreko egoera batean. Horrenbestez, hiru ardatzak一klima, generoa eta segurtasuna一 elkarrekin lantzeko gomendio zehatzak egiten dituzte txostenaren egileek, ebidentzietan oinarrituta.
Ebidentzia horiek hamar lurraldetan bildu dituzte, non ekitate- eta segurtasun-gabezia larriak baitituzte: Nigeria, Txadeko Errepublika, Sudan, Egipto, Sierra Leona, Asia-Pazifikoa, Indonesia, Pakistan, Nepal eta, azkenik, Kolonbia eta El Salvadorko eta Ekuadorreko errepublikak. Funtsean, hauek dira proposamenak: politika osagarriak bateratzea; emakumeak eta baztertutako pertsonak ahalduntzeko esku-hartzeak zabaltzea; dirulaguntza bideratuak areagotzea; eta ebidentzien analisian sakontzea, genero-ikuspegiarekin.