EU ES EN

Artikuluak

Osasun mentaleko arazoak hemen eta munduan

Egilea: Elhuyar Zientzia, 2025/09

 

2025eko otsailean argitaratutako ikerketa batek agerian jarri zuen COVID-19aren pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela Euskal Autonomia Erkidegoan. Ondorio horretara iristeko, Osakidetzako erabiltzaileen arteko antidepresiboen kontsumoa aztertu zuten ikertzaileek. Argi dago, dena den, arazoa ez dela lurralde horretara mugatzen eta ez dela soilik pandemiaren ondorio: sei hilabete geroago Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) argitaratutako txostenaren arabera, munduan mila milioi pertsonak baino gehiagok ditu osasun mentaleko arazoak; hau da, populazio osoaren % 14k.

Lehen ikerketan, 2018ko martxotik 2024ko otsailera bitarteko antidepresiboen preskripzioak aztertu zituzten ikertzaileek, hiru alditan banatuta: pandemiaren aurretik (2018-2020), bitartean (2020-2022) eta ondoren (2022-2024). Hala, ikusi zuten pandemiak eragin nabarmena izan zuela antidepresiboen preskripzioan; batez ere, 40 urtetik beherako emakumeen artean. 

Ikertzaileek iradokitakoaren arabera, pandemian zehar bi arrazoirengatik jasan zuten emakume gazteek inpaktu handiagoa ongizate emozionalean, biak ere genero-estereotipoetatik eratorriak: batetik, zaintzailearen rola, eta, bestetik, osasun sektoreko zaintzaren zereginen feminizazioa. Betalde, Frantzian ere antzeko emaitzak izan dituzte: pandemian zehar, antidepresiboen preskripzioak gorakada handiagoa izan du emakumeen artean, pandemia aurreko aldiarekin alderatuta. 

Ondorio iraunkorrak

Nolanahi ere, beste adin-tarteetan eta gizonetan ere izan da gorakada antidepresiboen preskripzioan. Ikerketa horretan depresioari eta antsietateari berariaz erreparatu badiote ere, ikertzaileek azaldu dute pandemiak ondorio orokorrak eta iraunkorrak izan zituela osasun emozionalean, hainbat faktoreren eraginez: isolamendu soziala, prekarietate ekonomikoa...

Horiek horrela, ikertzaileek dei egin diete osasun-arduradunei, osasun mentala osasun fisikoarekin batera zain dezaten. Horrez gain, eskatu diete prebentzioan indarra jartzeko, eta bermatzeko tratamenduak populazio osora iristen direla, bai farmakologikoak, bai bestelako terapiak. 

Mundu mailan

Fokua mundu osora zabalduta eta osasun mentala osotasunean aintzat hartuta, OMEk txosten bat argitaratu du: «Osasun mentalaren egoera gaur munduan: azken datuak» (World mental health today: latest data).

OMEren arabera, osasun mentalaren beharrak handiak dira, baina horiei ematen zaizkien erantzunak ez dira nahikoak, ezta egokiak ere. Txostenean, osasun mentalaren epidemiologiari, ondorio ekonomikoei eta osasun-arreta publikoaren hutsuneei buruzko azken datuak bildu ditu. Nabarmendu du mila milioi pertsona baino gehiago bizi direla nahasmendu mentalen batekin, eta gehienak oraindik ere babesik gabe daudela. Horrekin batera, azaldu du gaixotasun mentalak desgaitasun-egoeren lehen kausa direla eta izugarrizko ondorio ekonomikoak dituztela. Bestalde, baieztatu du hutsune handiak daudela baliabideetan, profesionaletan eta arretaren kalitatean eta horren ondorioz pertsona gehienak laguntza egokirik gabe geratzen direla. Azkenik, espero dute txostena baliagarria izango dela elkarrizketak bideratzeko, bai herrialdeetan, bai maila globalean.

EAEn bezala, mundu mailan ere depresioa eta antsietatea dira osasun mentaleko arazorik ohikoenak, bai gizonetan, bai emakumeetan. Hala ere, prebalentzia handiagoa da emakumeen artean, oro har.

Suizidioak eta desgaitasunak

Suizidioa ere aipatzen du OMEk. Herrialde guztietan eta testuinguru guztietan gertatzen da, eta gazteen artean, adibidez, heriotza-kausa nagusietako bat da. Munduari osotasunean begiratuta, suizidioak heriotzen % 1 baino gehiago dira, eta gauzatutako suizidio bakoitzaren atzean 20 saiakera daude.

Lehenago ere esan bezala, osasun mentaleko arazoak desgaitasunen arrazoi nagusia dira. Depresioa eta antsietatea dira ohikoenak, baina eskizofrenia eta nahasmendu bipolarra ere azpimarratu ditu txostenak. Lehenak 200 pertsonatik bati eragiten dio, eta besteak 150etik bati, eta biak erlazionatzen dira era guztietako gaitzekin eta heriotza-arriskuarekin: eskizofrenia diagnostikatuta duten pertsonak gainerakoak baino 9 urte lehenago hiltzen dira, batez beste; nahasmendu bipolarraren diagnostikoa dutenak, 13 urte lehenago.

Hutsuneak agerian

Horrek guztiak ekonomikoki dakarren ondorio izugarria ere agertzen da txostenean, baita sisteman dauden hutsuneak ere. Argi dio osasun metalari ez zaiola behar besteko garrantzia ematen eta ez daudela, inondik inora ere, aurre egiteko behar diren baliabideak, zerbitzuak, profesionalak, ikerketa eta informazioa. Halaber, baieztatzen du gobernuek finantziazio eskasegia bideratzen dutela horretara; bereziki, herrialde ekonomikoki apalenek.

Nolanahi ere, herrialde aberatsetan ere agerikoa da baldintzatzaile sozialen eragina: maila sozioekonomikoa, generoa, adina… Eta agerikoa da, halaber, gerren eta gatazken inpaktua. Hortaz, desberdinkeriei eta indarkeriari aurre egiteko beharra ere nabarmendu du OMEk.