EU ES EN

Artikuluak bilatu

Garapen Jasangarrirako Helburuak, sinergiak eta aurkakotasunak

Egungo joerari eutsiz gero, munduko herrialde bakar batek ere ez ditu beteko Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) 2030erako, PLOS ONE aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera. Mexikoko Unibertsitate Autonomoko ikertzaileek gidatu dute azterketa, eta helburuen arteko korrelazioak ere ikertu dituzte. Izan ere, ondorioztatu dute helburuak elkarrekin erlazionatuta daudela eta erlazio hori sinergikoa ala aurkakoa izan daitekeela. Alegia, helburuetako batzuek beste batzuk indartzen edo bultzatzen dituzte, baina kontrakoa ere gertatzen da: zenbait helbururen alde egitea beste batzuen kalterako da.

Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek Nazio Batuen Erakundeak zehaztutako adierazleak eta ongizate-indizeak aztertu dituzte adimen artifizialaren bidez, 20 urte baino gehiagoko epean eta 107 herrialdetan. Hain zuzen, adimen artifizialeko algoritmoek eraginkortasun handiz identifikatzen dituzte ereduak datu-multzo handietan. Azterketa horretan, sei herrialde-kluster edo talde azaldu ziren. Maparen gainean jarri zituztenean, ikertzaileek ikusi zuten talde bakoitzeko herrialdeek harreman geografikoak, kulturalak, komertzialak edo kolonialak dituztela elkarren artea; hau da, geopolitikak sortzen ditu taldeok.

Ikertzaileek baieztatu dute herrialde guztiek egin dutela aurrera helburuak betetzeko bidean, baina alde handiak daudela bakoitzaren egungo egoeran; batetik, ez zirelako leku beretik abiatu, eta, bestetik, abiadura desberdinetan aurreratzen dutelako. Bestalde, 2020-2023an atzerakada bat egon zela ikusi dute, pandemiaren ondorioz.

Nolanahi ere, azterketak iragarri duenez, pandemiaren sasoia alde batera utzita, herrialde guztiek lortuko lituzkete helburuak, baina ez 2030erako. Azkenak 2100. urtean iritsiko lirateke helburuak betetzera, eta, hain justu ere, ustez aurreratuenak dauden lurraldeak izango lirateke azken horiek: AEB eta Europa.

Elhuyar Zientzia, 2025/09
Migranteen eta bertako biztanleen arteko soldata-arrakala

Nature aldizkariak irekian argitaratutako ikerketa zabal baten arabera, herrialde ekonomikoki garatuetako pertsona migranteen eta tokiko biztanleen arteko soldata-arrakala ondo ordaindutako lanpostuak lortzeko aukera-desberdintasunaren ondorio da. Ikertzaileen esanean, azterketaren emaitzak baliagarriak dira desberdintasun sozialak murrizteko politika eraginkorrak diseinatzeko.

Europako zenbait herrialdetako, Kanadako eta AEBko ikertzaileek egin dute ikerketa, eta gaiari buruz orain arte egin den zabalena eta sendoena da. Hain zuzen, 13,5 milioi langileren eta haien enplegatzaileen datu administratiboak aztertu dituzte, bederatzi herrialdetan: Kanada, Danimarka, Frantzia, Alemania, Herbehereak, Norvegia, Espainia, Suedia eta AEB. Berariaz landutako metodologia bat erabiliz, tokiko biztanleekin alderatuta migranteek eta haien seme-alabek jasaten duten soldata-arrakala analizatu dute. 

Metodologiak arrakalaren funtsezko bi arrazoien artean bereizteko aukera ematen du: batetik, lan beraren barruko diskriminazioa, alegia, lan beragatik gehiago ordaintzea batzuei besteei baino; bestetik, hobeto ordaindutako lanak eskuratzeko diskriminazioa. 

Hain zuzen, soldata-arrakala murrizteko politikak era askotakoak izaten dira. Batzuk bideratuago daude lan bera egiten duten langile guztiek soldata bera izatera; eta beste batzuk, berriz, lanpostu onak lortzen laguntzera (bidea erraztuz, adibidez, bizi diren herrialdeko hizkuntza ikasteko eta lan jakinak egiteko gaitasunak eskuratzeko). 

Elhuyar Zientzia, 2025/09