2025eko otsailean argitaratutako ikerketa batek agerian jarri zuen COVID-19aren pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela Euskal Autonomia Erkidegoan. Ondorio horretara iristeko, Osakidetzako erabiltzaileen arteko antidepresiboen kontsumoa aztertu zuten ikertzaileek. Argi dago, dena den, arazoa ez dela lurralde horretara mugatzen eta ez dela soilik pandemiaren ondorio: sei hilabete geroago Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) argitaratutako txostenaren arabera, munduan mila milioi pertsonak baino gehiagok ditu osasun mentaleko arazoak; hau da, populazio osoaren % 14k.
Lehen ikerketan, 2018ko martxotik 2024ko otsailera bitarteko antidepresiboen preskripzioak aztertu zituzten ikertzaileek, hiru alditan banatuta: pandemiaren aurretik (2018-2020), bitartean (2020-2022) eta ondoren (2022-2024). Hala, ikusi zuten pandemiak eragin nabarmena izan zuela antidepresiboen preskripzioan; batez ere, 40 urtetik beherako emakumeen artean.
Ikertzaileek iradokitakoaren arabera, pandemian zehar bi arrazoirengatik jasan zuten emakume gazteek inpaktu handiagoa ongizate emozionalean, biak ere genero-estereotipoetatik eratorriak: batetik, zaintzailearen rola, eta, bestetik, osasun sektoreko zaintzaren zereginen feminizazioa. Betalde, Frantzian ere antzeko emaitzak izan dituzte: pandemian zehar, antidepresiboen preskripzioak gorakada handiagoa izan du emakumeen artean, pandemia aurreko aldiarekin alderatuta.
Ondorio iraunkorrak
Uppsala Conflict Data Program (UCDP) Uppsala Unibertsitatearen ikerketa-zentro bat da, eta munduan erreferentziazkoa da indarkeria antolatuari buruzko datuetan eta azterketetan. Hain zuzen, hark sortu zuen gatazka armatuaz nazioartean erabiltzen den definizioa, eta 40 urte baino gehiago daramatza gaiari buruzko datuak biltzen eta ikerketak egiten.
Journal of Peace Research aldizkarian argitaratu ditu azken datuak, «Indarkeria antolatua 1989–2024 bitartean, eta biktima zibilak identifikatzeko erronkak» artikuluan. Hor esaten denaren arabera, 2023tik 2024ra 59tik 61era igo zen estatu berean oinarritutako gatazka armatuen kopurua. Gatazka horiek estatuen barruan gertatzen dira, etsaitutako aldeen artean; eta alde horietako bat, gutxienez, estatuaren burua izaten da. Bada, gatazka-mota horri dagokionez, UCDPk bere historia osoan erregistratu duen kopururik handiena zenbatu du bigarren urtez jarraian.
Gerretan ere, alderdietako bat, gutxienez, estatuaren buru da. UCDPren definizioaren arabera, ordea, gatazka bat gerratzat hartu ahal izateko ezinbestekoa da urtebeteko epean mila hildako edo gehiago izatea. Horrenbestez, 2023tik 2024ra 9tik 11ra igaro da gerra-kopurua; eta, hala, 2016az geroztiko kopururik handiena zenbatu du 2024an.
Ikerketa-zentroak beherakada txikiak erregistratu ditu hildakoetan, bai estatuan oinarritutako gatazketan, bai indarkeria antolatuan, oro har. Aitzitik, alde bakarreko indarkeriak gorakada handia izan du; batez ere Estatu Islamikoak Afrikan egindako erasoetan, baita Haitin ere, estatuz kanpoko eragileek egindako hilketa orokortuetan. Bestalde, estatuz kanpoko gatazkek behera egin dute, bai gatazka aktiboen kopuruan, bai hildakoen guztizkoan. Guztira, indarkeria antolatuari dagozkion ia 160.000 hildako erregistratu zituen UCDPk 2024an.
Egungo joerari eutsiz gero, munduko herrialde bakar batek ere ez ditu beteko Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) 2030erako, PLOS ONE aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera. Mexikoko Unibertsitate Autonomoko ikertzaileek gidatu dute azterketa, eta helburuen arteko korrelazioak ere ikertu dituzte. Izan ere, ondorioztatu dute helburuak elkarrekin erlazionatuta daudela eta erlazio hori sinergikoa ala aurkakoa izan daitekeela. Alegia, helburuetako batzuek beste batzuk indartzen edo bultzatzen dituzte, baina kontrakoa ere gertatzen da: zenbait helbururen alde egitea beste batzuen kalterako da.
Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek Nazio Batuen Erakundeak zehaztutako adierazleak eta ongizate-indizeak aztertu dituzte adimen artifizialaren bidez, 20 urte baino gehiagoko epean eta 107 herrialdetan. Hain zuzen, adimen artifizialeko algoritmoek eraginkortasun handiz identifikatzen dituzte ereduak datu-multzo handietan. Azterketa horretan, sei herrialde-kluster edo talde azaldu ziren. Maparen gainean jarri zituztenean, ikertzaileek ikusi zuten talde bakoitzeko herrialdeek harreman geografikoak, kulturalak, komertzialak edo kolonialak dituztela elkarren artea; hau da, geopolitikak sortzen ditu taldeok.
Ikertzaileek baieztatu dute herrialde guztiek egin dutela aurrera helburuak betetzeko bidean, baina alde handiak daudela bakoitzaren egungo egoeran; batetik, ez zirelako leku beretik abiatu, eta, bestetik, abiadura desberdinetan aurreratzen dutelako. Bestalde, 2020-2023an atzerakada bat egon zela ikusi dute, pandemiaren ondorioz.
Nolanahi ere, azterketak iragarri duenez, pandemiaren sasoia alde batera utzita, herrialde guztiek lortuko lituzkete helburuak, baina ez 2030erako. Azkenak 2100. urtean iritsiko lirateke helburuak betetzera, eta, hain justu ere, ustez aurreratuenak dauden lurraldeak izango lirateke azken horiek: AEB eta Europa.
British Medical Journal aldizkari espezializatuaren arabera, Gazako gosetea bizi osorako zigorra da, eta ondorioak hurrengo belaunaldiek ere pairatuko dituzte. Idatziaren egilea Alex de Waal da, World Peace Fundation erakundeko zuzendaria (Munduko Bakea Fundazioa, Tufts Unibertsitatekoa). De Waalek gogora ekarri du 1970eko hamarkadan nutrizionistek esplikatu zutela fase-aldaketa bat gertatzen dela elikagaien krisi akutu batetik erabateko gosetera igarotzean, ur hotza izozten denean gertatzen den bezala. Gazan hori gertatu dela baieztatu du, eta Israel egin du horren erantzule.
Halaber, oroitarazi du duela zazpi urte Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak 2417 ebazpena onartu zuela aho batez. Ebazpen horren arabera, ekintza azkarrak egin behar dira gatazka armatu batek elikagaien segurtasun-eza edo gosete orokortua eragiteko arriskua dagoenean. Horrez gain, nolabaiteko arma gisa zibilen gosetea erabiltzea gerra-krimena izan daitekeela ere zehaztu zuen ebazpenak.
De Waalek adierazi du azken gosete guztiak militarrek eragin dituztela neurri handi batean; izan ere, ekintza militarrek suntsitu egiten dute bai ekonomia, bai bizibideak, bai pertsonek bizirik irauteko behar dutena. Etiopia, Siria eta Yemen jarri ditu adibidetzat, baita Nigeria eta Sudan ere.
Ikerketek erakutsi dute erabateko gosetea bizi osorako zigorra dela bizirik irauten dutenentzat. Esaterako, frogatu dute Bigarren Mundu Gerran 1944-1945ko neguan naziek Herbehereetan sortutako goseteak ondorio fisiko eta psikiko iraunkorrak utzi zituela bizirik iraun zutenengan. Kalte soziala ere aipatu du De Waalek: beren umeak hiltzen ikusten dituzten amak, goseak ez hiltzeko jana ezkutatzen duten bizilagunak… Torturarekin parekatu du gosetea: bizirauteko senak agintzen duenean, desagertu egiten dira gizaki egiten gaituzten bulkadak, hala nola errukia, elkartasuna eta maitasuna.
Herrialdeek klima-aldaketari aurre egiteko betebeharra dutela iritzi dio Nazioarteko Justizia Auzitegiak. Horren barruan, herrialdeek berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko neurri egoki, sendo, azkar eta jasangarriak hartu behar dituztela adierazi du. Era berean, esan du kaltetutako herrialdeek erreparazioa jasotzeko eskubidea dutela.
Nazioarteko Justizia Auzitegiaren iritzi aholku-emaileak ez dira lotesleak, baina gidaritzat hartzen dira. Auzitegiaren esanean, emandako iritzia erreferentzia izango da estatuetako eta nazioarteko auzitegientzat. Aipatu duenez, dagoeneko 3.000 auzi klimatiko inguru daude martxan hirurogei bat herrialdetan.
2025eko uztailaren 23an argitaratu zuen iritzia Nazioarteko Justizia Auzitegiak, Nazio Batuen Erakundeak 2023ko martxoan egindako iritzi-eskaera bati erantzunez. Zehazki, eskatu zion ebatz zezala zer betebehar dituzten estatuek klima-sistema eta ingurumena babesteko, eta zer ondorio juridiko dituzten betebehar horiek estatuentzat.
Erantzuna sortzeko prozesuan, erakundearen historiako parte-hartzerik handiena izan zen: 96 estatuk eta nazioarteko hamaika erakundek aurkeztu zituzten ahozko adierazpenak. Amaieran, Auzitegiak aho batez hartu zuen erabakia.